NAIZ

Elkarrekin Podemos-IUk Onkologikoaren «gabezia larriak» salatu ditu bertan egiaztatu ostean

Elkarrekin Podemos-IUko kideek Donostiako Onkologikoa bisitatu dute astearte honetan, zentroak jasaten duen «utzikeria» ezagutzeko eta datozen mobilizazioekin bat egiteko.

Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariak, Onkologikora egindako bisitan.
Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariak, Onkologikora egindako bisitan. (Elkarrekin Podemos-IU)

Astearte honetan, enpresa-batzordeak gonbidatuta, David Soto Podemos Euskadiko Antolakuntza idazkaria eta Elkarrekin Podemos-IU legebiltzar taldeko kideak eta Javier Busselo Gipuzkoako batzarkideak Onkologikoa bisitatu dute, zerbitzuen «gabezia larriak» salatzeko.

Bide batez, taldeak ohar baten bidez adierazi duenez, Onkologikoko Paziente eta Erabiltzaileen Elkarteko arduradunekin hitz egiteko aukera izan dute bi arduradun politikoek, eta urriaren 15ean Donostian egingo den manifestazioaren alde agertu dira.

Konkretuki, ospitale monografiko izatetik erradioterapiako, zainketa aringarrietako eta medikuntza nuklearreko probetara mugatzen ari den zentro bat bilakatu dela salatu du taldeak. Elkarrekin Podemos-IUren ustez, honek eragina du osasun-laguntzaren kalitatean, eta, beraz, pazienteak jasotzen duen zerbitzua «hondatzen» ari da.

Langileen ordezkariek lehendik salatu izan dute Lakuako Gobernuak «tratamenduak emateko zentro» eta «ospitale komodin» bihurtu nahi duela Onkologikoa, eta, horrela, «minbiziaren prebentzio, diagnostiko eta tratamendurako» ospitale «monografikoa» izateari utziko diola.

Elkarrekin Podemos-IUk jakinarazi duenaren arabera, bisita eten egin da zentroko zuzendaritzak eskatuta, arduradun politikoei bertan behera uzteko eta handik ateratzeko eskatu zaienean.

Behin kanpoan, Onkologikoko Paziente eta Erabiltzaileen Elkarteko ordezkariekin hitz egin ahal izan dute ordezkariek. Hauek gaixotasunen diagnostikoan eta tratamenduan bertan koordinazio falta dagoela salatu dute, eta horrek, beraien ustetan, eraginkortasuna, denbora, asistentzia-kalitatea eta pribatutasuna galtzea dakar.