NAIZ

Gernikako Urriko Lehen Asteleheneko azokak 114 behi bilduko ditu

Datorren igande eta astelehenean Urriko Lehen Asteleheneko ohiko azoka egingo da Gernikan. Hemeretzi abeltzainek hezitako 114 behien artean onena aukeratuko da Arraza Pirenaikoaren 35. lehiaketaren baitan. Elikagai eta artisauen azoka ere izango da, hogeita hamar posturekin.

2019ko Gernikako azokaren irudia.
2019ko Gernikako azokaren irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Gernikako Urriko Lehen Asteleheneko azokak, igandean hasi eta astelehenean egun handia izango duenak, arraza pirenaikoko 114 behi bilduko ditu Bizkaiako herri honetan. Horietan onena aukeratuko da astelehenean, Udalak ohar baten bitartez jakinarazi duenez.

Astelehenean bukatuko den azoka horretan, EAEko Arraza Pirenaikoaren 35. lehiaketa egingo da eta bertan hemeretzi abeltzainen aberek hartuko dute parte.

Lehiatuko diren abeltzainetako zazpi bizkaitarrak dira, sei gipuzkoarrak eta gainontzeko seiak nafarrak, Gernikako Udalak ostiral honetan prentsari bidalitako oharrean zehaztu duenez.

Urriko Lehen Asteleheneko programa igandean hasiko da, lehiaketako bederatzi ataletako ganadu-alerik onenak aukeratuta. Astelehenean, berriz, behirik onena eta zezenik onena, intseminaziorako emerik osoena eta abeltzainen artean onena aukeratuko dira.

Halaber, ferian, arraza pirenaikoko labela duen haragi-dastaketa eskainiko zaie herritarrei, eta Antonio Agirrebarrena, Maria Jose Sarasti eta Juan Maiora ganaduzaleak omenduko dira.

Horrez gain, elikagaien eta artisauen azoka ere izango da herrian bi egunetan, eskaintza zabalarekin: orotara, hogeita hamar postu jarriko dituzte.