NAIZ

Topa!, Euskal sagardoa protagonista izango da Bilboko Areatzan

Larunbat honetan hasiera eman dio Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak Topa! Bilbao ekitaldiari, Areatzan ospatzen dena. 14 postu egongo dira Euskal sagardoa zerbitzatzen, eta dastatze gune bat ere izango da Mikel Garaizabalek gidatuta.

Larunbat honetan hasieta eman diote Topa! ekitaldiari.
Larunbat honetan hasieta eman diote Topa! ekitaldiari. (EUSKAL SAGARDOA)

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako Sagardoak dira protagonista urriko lehen asteburuan, Bilboko Areatzan. Bertan hasi da larunbat honetan Topa! Bilbao ekitaldia. Bertan 14 postu egongo dira Euskal Sagardoa zerbitzatzen, eta dastatze gune bat ere izango da Mikel Garaizabalek gidatuta.

Horrez gain, Eusko Label produktuak erre eta zerbitzatzeko gune bat izango da: Basatxerri, Euskal Okela eta Euskal Bildotsa, Eusko Label barazkiak, Idiazabal gazta eta Eusko Label esnez egindako gaztak… Eta kontzertuak izango dira ere. Azpimarratzekoa da igande arratsaldean Gwendal nazioarteko folk taldeak emango duen kontzertua. Onintza Enbeitak eta Xebaxtian Lizasok bertso saio batean parte hartuko dute.

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak bosgarren uzta izan du 2021ekoa eta uzta hori izango da jendeak Topa Bilbao ekitaldian dastatu ahal izango duena. Eta sagardo desberdinak dastatzeko aukera izango da: sagardotegi bakoitzak bere sagasti eta inguruko baserrietako sagastietako sagarrez egindako sagardoak egongo dira, eta horien artean baita sagar mota bakarrez eta bi sagar motaz egindakoak, sagasti jakineko sagarrez egindakoak, egurrean ondutakoak, aurreko urteko amaren gainean ondutakoak eta abar luze bat ere.

«Izan ere, sagardotegiek kalitate handiko sagardoak egiteaz gain, dibertsifikatzeko pausoa ere eman dute, bertako sagarra ardatz hartuta, eta Bilbokoa plaza ezin hobea da lan hori guztia azaltzeko. Eta azken urteetako bideari jarraituz, produktuak bai linealetan eta bai ostalaritzan presentzia handiagoa izateko lanean ari da Kontseilu Arautzailea, sagardogileekin batera, kontsumitzaileei egindako lana azaldu eta produktuak dastatzera eman eta azaltzen», adierazi dute ohar batean antolatzaileek.

Uztari dagokionez, 2021ekoa ugaria eta kalitate handikoa izan zela adierazi dute, eta Euskal Sagardoa Jatorri Deiturapean 3,5 milioi litro egin ziren, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako 48 sagardotegietan, 250 sagargileren sagarra erabilita.

«Baina dagoeneko 2022 uztako sagarra ere biltzen ari dira sagargileak, eta zenbait datu baditugu aurreratzeko. Aurreko urtekoa baino dezentez txikiagoa izango da uzta eta horrez gain, izaera handiko sagarra da datorrena», nabarmendu dute. Aurtengoa uzta txikiagoa izatea aurreikusten zuen Euskal Sagardoko sagar sektoreak udarako lehorrak uzta txikiaraztean gain, ezurtea delako.