NAIZ

Ur Kirolak klubaren mendeurrenari buruzko liburua: «Kirol poemario» baten aurkezpena

«Liburu hau esfortzu fisikoaz haratago, bihotza eta arima jarri duten ehundaka pertsonaren artean idatzi dute», adierazi dute aurkezpenean, «fabriketatik portura mahoizko erropak jantzita joan eta kluba sortu zuten horien historia».

Ur Kirolak arraun klubaren mendeurrenari buruzko liburua atera duen lantaldea, Donostiako udaletxean.
Ur Kirolak arraun klubaren mendeurrenari buruzko liburua atera duen lantaldea, Donostiako udaletxean. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako udaletxean «Urkirolak 100 urte» liburua aurkeztu dute astearte eguerdian. «Liburu hau, esfortzu fisikoaz haratago, bihotza eta arima jarri duten ehundaka pertsonaren artean idatzi dute. Kirol anekdotario bat baino gehiago, kirol poemario bat da liburu hau», adierazi dute aurkezpenean, Iñigo Aristegi eskulturgile eta Ur Kirolak taldeko arraunlari izandakoaren hitzak gogoraraziz.

Joseba Urretabizkaia, Xibait argitaletxeko kide eta argazkilaria izan da parte hartzen aurrenekoa. «Eskerrak ematea baino ez dagokit, klubak nigan ezarri duen konfidantzagatik, eta liburua egiten parte hartu duten guztiengatik, eguneroko lanak sortu baitu liburu hau», aipatu du.

Javier Uresberueta eta Alvaro Bermejo izan dira liburu honen egileak. «Aurrera begiratu eta atzerantz arraun egin behar izan dut Urkirolaki buruz liburuan ekin ahal izateko», adierazi du Bermejok. «Niretzat klub honen historia errealismo magiko hutsa da. Kluba sortzen dutenak portura mahoizko erropak jantzita iristen ziren, lanean zortziu ordu eman eta gero. Entrenatu eta iturri publikoan garbitzen ziren, dutxarik ere ez baitzuten. Jauntxo izaeratik erabat urrunduak izanagatik, goitik behera donostiar ziren hauek jarri zuten martxan dagoeneko mendeurrena bete duen klub hau. aurrez sekula ikusi gabekoa da», azpimarratu du Bermejok.

«Aurrenekoz Espainiako txapelketan parte hartu zutenean azkenaurreko sailkatu ziren, baina bi urteren buruan lehenengo txapelketa eraman zuten, orotara orain arte irabazi dituzten 120 txapelketetatik aurrena izan zelarik».

Banku mobileko arraunketari garrantzia eman diolarik Ur Kirolak klubak, Bermejok «itsasotik ibairantz» egindako bidea azpimarratu nahi izan du. «Oxford eta Cambridgeko unibertsitateetako ontziak ez bezala, hemen ontziak itsasoan hasten dira eta gero egiten dute Urumearantz, donostiarroi horren ezezagun egiten zaigun ibai honetarantz. Izaera berezia damaio horrek gure arraunlarioi, fabriketatik eta tailerretako lanetik atera ostean arraun egiten zuten horiei. Ontziak ere lan orduetaz kanpo konpontzen eta moldatzen dituzte; hau da, beren izaera ezohiko horren barruan bolondres lan itzela dago ere. Neurri handi baten instituzioek denbora luzean begiak itxi zituztelako hauen lanaren aurrean«.

«Arraunaz gain, arraunlari horiek erakutsitako nekaezintasun eta bolondres lana itzelagatik, jende horren historiak kontatzea bestela ere merezi zuen, hiriaren historiaren parean doalako. Eta arraunaz gain, ere beste ekintza batzuek ere azpimarra merezi dute, dela Urkiren denborradak, hiriarentzat duten garrantzia ere azpimarratzen baitu, azken hilabeteetako nazioarteko arraun txapelketetara iritsi arte. Hau da klub honek lagatzen digun ondarea, eta hargatik merezi zuen liburu bat, hitzek hegan egiten baitute, baina ez liburuek», amaitu du Bermejok.

Uresberuetak, bere aldetik, «gazteei begira atera dugu liburu hau», azpimarratu du. «Gazteek ispilu bat izatea garrantzitsua da; ilusioaren, lanaren, elkartasunaren eta adiskidetasunaren eskutik oso urrun iritsi litekeela erakusten duen ispilu bat, hain zuzen», gaineratu du. Horrez gain, «Ur Kirolaken historia gal ez dadijn eta galtzeko arriskuan zeuden hainbat testigantza berreskuratzeko ere balio izan du honek», erantsi du.

Hitzaurrea, bere aldetik, Eneko Goia Donostiako alkateak egin du. «Ehun urte iraun dituen instituzio bati azpimarra egiteko, hainbeste iraun ez duten beste askorekin oroitu behar da», azaldu du. «Esaterako, 1922an Kursaal kasinoa ireki zen; orain Ur Kirolak bizirik dago eta kasinoa, ez. Espero dezagun Ur Kirolak elkarteak askoz urte gehiago irautea. Liburu honetan izen propio asko dago, beren eskuzabaltasuna eskaini duten pertsonak, horiek direlako azkehn baten hau posible egin dutenak«, amaitu du.