NAIZ

Etxebizitza bat okupatu dute Etxebarren, Zuberoan, higiezinen espekulazioaren aurka

Xiberoko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak 80 pertsona inguru elkartu eta etxe bat okupatu zuen sinbolikoki larunbatean Etxebarren. Azaldu zutenez, «gauzak alda daitezen aukera bakarra presioa egitea da».

80 pertsona inguruk parte hartu zuten ‘Ibarren borda’ etxean egindako okupazioan.
80 pertsona inguruk parte hartu zuten ‘Ibarren borda’ etxean egindako okupazioan. (© DR)

Aurretik iragarri zutenez, Xiberoko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak (XEKK) etxebizitza bat okupatu zuen atzo Etxebarren, Zuberoan, higiezinen espekulazioaren aurka. 80 pertsona inguru elkartu ziren ‘Ibarren borda’ etxea sinbolikoki hartzeko, etxebizitzarako eskubidearen aldeko Ostia sarearekin batera, Mediabask-ek jaso duenez.

Okupatzaileek azaldu zutenez, ‘Ibarren borda’ 2010az geroztik Belgikan bizi den Greenpeaceko abokatuetako baten bigarren bizilekua da eta «ia urte osoan zehar hutsik egoten da». Hortaz, XEKK-rentzat etxebizitzaren arazoaren adierazgarri ona da.

Helburua, Mediabask-i azaldu ziotenez, ezer ez suntsitzeko asmorik gabe «kontzientzia kolektiboa hartzeko presioa egin behar dela erakustea eta gauzak alda daitezen alde batera pauso bat ematen jakin behar dela erakustea» izan da, haien ustetan ez baitago beste aukerarik.

Ekimenaren baitan Matthieu Quilleten ‘Pied de Biche’ dokumentala proiektatu zuten, okupazioaren ingurukoa, eta otordu bat prestatu zuten.

Egoitz Urrutikoetxea EH Baiko Lexantzüko kontseilariak ere mobilizazioan parte hartu zuen. Adierazi zuenez, berarentzat bigarren bizitokiek «higiezinen merkatuaren logika espekulatiboa elikatzen eta barnealdeko udalerrien heriotza geldoan laguntzen dute». Bide batez, etxebizitza hauek lurraren eta higiezinen aferan dituzten ondorioak «argitu behar direla» nabarmendu zuen.

«Etxeak eta lurrak bizitzeko eta lurraldea elikatzeko izan daitezen, eta ez inbertitu eta espekulatzeko izan behar dira, baina gaur egungo marko legal eta instituzionalek ez dute ahalbidetzen higiezinen merkatuaren norabide espekulatibo hori gelditzen», gaineratu zuen. «Funtsean, etxeak bizitzeko izan behar dira, eta ez aberasteko».