NAIZ

Irene Paredes legazpiarrak Bartzelonan jarraituko du 2025era arte

Irene Paredesek beste bi urterako berritu du hitzarmena Bartzelonarekin. Udara honetan bukatzen zitzaion hitzarmena 2025eko ekainera arte luzatu du legazpiarrak. Reala, Athletic eta PSGn aritu ostean, aurtengoa bere bigarren denboraldia da talde katalanean.

Irene Paredes, Joan Laporta Bartzelonako presidentearekin.
Irene Paredes, Joan Laporta Bartzelonako presidentearekin. (@FCBFEMENI)

Irene Paredesek beste bi urterako berritu du Bartzelonarekin. 2021eko udaran iritsi zen talde katalanera, PSGtik, eta orduan sinatutako hitzarmena udara honetan bukatzen zitzaion. Taldeko giltzarrietako bat da legazpiarra eta beraz, Bartzelonak bere jarraipena bermatu nahi izan du kontratua beste bi urterako luzatuz.

«Egon nahi dudan lekua da, ikasten jarraitzen dudan lekua eta laguntzen jarraitu ahal dudan tokia», adierazi du Paredesek klubeko kameren aurrean.

Eskarmentu handiko atzelaria da legazpiarra. Realean egin zuen debuta gorengo mailan eta bertan hiru urte eman ostean, Athleticera joan zen. Talde zuri-gorriaren elastikoa bost urtez defendatu zuen eta liga bat bereganatu zuen, hasiera-hasieratik begiz jota zeukan helburua, alegia. Orduan, atzerrira joateko erabakia hartu zuen eta 2016an PSG talde frantziarrarekin fitxatu zuen.

Txapeldunen Ligan debuta egin ez ezik, finala ere jokatu zuen, kapitain gisara, penaltietan porrota jaso bazuen ere. Frantziako liga irabazi ostean, Bartzelonarekin fitxatu zuen, 2021eko udaran. Orduan, talde kataluniarra Txapeldunen Ligako txapelduna zen.

Irene Paredesek segituan hartu zuen atzeko lerroaren ardura Bartzelonan ere eta Txapeldunen Ligako bere bigarren finala jokatu zuen, hemen ere porrota jasoz. Liga, Kopa eta Superkopa irabazi zituen.

Aurten, liga irabazteko ondo bidean da Bartzelona eta Superkopako garaikurra ere altxatu du –Paredesek finala ezin izan zuen jokatu, finalerdietan kaleratua izan ostean–. Kopan kanporatua izan da administrazio akats batengatik eta beraz, Txapeldunen Ligako finalera iritsi eta irabazteko borrokatzea da kataluniarren eta Paredesen helburua nagusia.

Paredesen berritzea datozen urteetako proiektua sendotze bidean urrats garrantzitsua izan da baina ez da izan berritu duten jokalari garrantzitsu bakarra. Azken asteetan, Ingrid Engen, Fridolina Rolfo eta Caroline Graham Hansenek ere akordioa luzatu baitute. Hala, Cata Coll, Claudia Pina eta Bruna Vilamala gazteak dira ekain honetan kontratua bukatzen zaien jokalari bakarrak.