Andoni Arabaolaza

Nahia Quincocesek eta Iñigo Martinez de Albornozek skimoko txapelak jantzi dituzte

Causiat Extreme lasterketak Mendi Eskiko Euskadiko Txapelketa jaso du. Bide batez, Nahia Quincoces esa Iñigo Martinez de Albornoz eskiatzaileak Hego Euskal Herriko Kopako lider jarri dira. Lehiakideek hotzari egin behar izan diote aurre.

Mendi eskiko edo skimoko hitzordu nagusiak indarra hartzen ari dira, eta horien artean Euskal Mendizale Federazioak (EMF) antolatutako Euskadiko Txapelketak protagonismoa izan du.

Candanchuko Causiat Extreme lasterketak euskal eskiatzaileak jaso ditu, eta EMFren txapelketa jokatzeaz gain, proba hori Hego Euskal Herriko Koparako baliagarria izan da. Hots, EMFk eta Nafarroako federazioak elkarrekin antolatutako lehen zirkuitua da.

Lasterketari dagokionez, aurreratu behar dugu indibidual modalitatean jokatu dela. Candanchuko ingurumarian antolatutako ibilbideak ez zuen elur faltarik izan. Alabaina, hotzak eta laino itxiak protagonismoa hartu zuten.

Emakumezkoen zein gizonezkoen kategorietan ez zen ezustekorik izan. Nesken mailan, parte-hartzaile gutxi bertaratu ziren irteera puntura. Eta azken urteotan gertatu den bezala, Nahia Quincocesen eta Igone Camposen arteko lehia espero zen. 12,4 kilometroko ibilbidean Quincocesek ez zuen arazorik izan garaipena lortzeko. Gainera, antolatzaileek aurreikusitako denboren azpitik ibili zen. Bai, bizkaitarra bi orduko denboraren azpitik ibili zen; hain zuzen ere, 1:55:17 denbora egin zuen. Campos podiumaren bigarren kutxara igo zen, eta Lur Basterretxea hirugarrenera.

Donostiarra txapeldun

Bestalde, gizonezkoen kategorian, Iñigo Martinez de Albornoz sasoikoena izan zen Candanchuko proban. 15,2 kilometroko ibilbidean tarte handia atera zien atzetik zetozen lehiakideei. Bigarren sailkatuari, Asier Alonsori, 12 minutuko aldea atera zion. Eta hirugarrenari, Jon Ander Aranbururi, 16 minutu.

Quincocesek eta Martinez de Albornozek Euskadiko Txapelketa irabazteaz gain, beste ohore bat dute: Hego Euskal Herriko Kopan lider jarri dira.

Beteranoetan, berriz, Mikel Navarro eta Quincoces bera nagusitu dira EMFren hitzordu nagusi horretan. 20 urtez azpikoen mailan, Elur Zaldua da txapeldun berria, Hugo Robles 18 urtez azpikoetan eta Ibai Hernani 16 urtez azpikoen mailan.