Alaia Sierra

Zaintza sistema «kapitalista iraultzeko» dinamika abiatuko du Mugimendu Feministak

Zaintza «negozio bat ez dela» defendatzeko mobilizazio dinamika bat martxan jarriko du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, egungo sistema «kapitalista eta patriarkala iraultzeko». Sektore honen prekarizazioa, merkantilizazioa eta lan baldintza «negargarriak», besteak beste, salatzera dei egin dute.

Mobilizazioak aurkezteko prentsaurrekoa egin du Gasteizen Euskal Herriko Mugimendu Feministak.
Mobilizazioak aurkezteko prentsaurrekoa egin du Gasteizen Euskal Herriko Mugimendu Feministak. (Endika PORTILLO | FOKU)

‘Denon bizitzak erdigunean’ lelopean Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza eredua «irauliko» duen mobilizazio dinamika bati ekingo dio, martxoaren 8an hasita. Diotenez, zaintzak «ezinbestekoak dira bizitzeko eta ezin dira merkantilizatzen jarraitu».

Asteazken honetan Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan iragarri dute mugimendu feminista «berriro aktibatu» dela, zaintza ereduaren krisia dela eta. Pandemiak ekarri zuen adinekoen egoitza batzuetako «egoera jasangaitzaz» gain, sektorearen lan baldintza «negargarriek», langile migratuen egoera irregularrak, langabeziak, pentsio baxuek eta bizitzaren garestitzeak aterako ditu feministak kalera.

«Epe luzerako» prozesu bat proiektatu dute, datorren martxoaren 8an hasiko dena. Aurrera eramateko, herri mugimenduekin eta «zaintzaren sektorean lan baldintzak hobetzeko borrokan ari direnekin» lankidetza azpimarratu dute, «indarra batzeko».

Beraz, Euskal Herri osoko herri eta auzoetan asanblada feministak osatzeko deia zabaldu dute, borroka prozesuarekin bat egiteko. Horretarako online eskuragarri egongo den «material-kutxa» bat sortu dute.

«Krisi hau ez da konpontzen azaleko konponbideekin. Badakigu orain edonork hitz egiten duela zaintzaren garrantziaz, baina guk ez dugu isilaraziko gaituen promesa faltsurik nahi. Konponbidea ez da diigitalizazio handiagoarekin izango, ezta ikuspegi komunitarioaz era abstraktuan hitz egitearekin ere, non zaintzen feminizazioa eta familiarizazioa erreproduzitzen diren. Gure diskurtsoaz jabetu dira edukiz husteko, eta guk proposamen eta neurri zehatzez bete nahi dugu», aldarrikatu du Mugimendu Feministak.