NAIZ

Podiumean ikurrina kendu nahi izan diote Josetxo Mujika triatloi munduko txapeldunari

Josetxo Mujika zumarragarra triatloiko munduko txapeldun berria da, 65-70 urte bitartekoen mailan. Podiumean ikurrina atera zuen, «aldarrikapen gisa», eta bideo batean ikus daitekeenez, antolakuntzako kide bat hau kentzen saiatu zen. Ez zuen lortu.

Maiatzeko lehen asteburuan munduko triatloi txapelketak izan ziren Eivissan eta bertan, 65-70 urte bitartekoen mailan, euskal herritar bat izan zen irabazle, Josetxo Mujika zumarragarra. Podiumera ikurrina igo zuen gipuzkoarrak eta, sareetan dabilen bideo batean ikus daitekeenez, antolatzaileetako bat ikurriña kentzen saiatu zen, baina Mujika irmo mantendu zen.

«Munduko txapelketan Espainiako jantziarekin parte hartzera behartu gintuzten, baina ondoren aldarrikapena egitea erabaki nuen», adierazi du ‘Noticias de Gipuzkoa’ hedabidean. Gertatu zitekeena kontuan hartuta, ikurrina poltsikoan zuela igo zen podiumera Mujika, eta behin posturik altuenean zegoela atera zuen.

Antolakuntzako kidea saiatu bazen ere, Mujikak uko egin zion ikurrina kentzeari. Bideoan ikus daitekeenez, elkarrizketa labur baten ostean, antolatzaileak ere amore eman zuen.

Jakinarazi duenez, Eivissako alkateari saria ez emateko agindu zioten, baina honek ere jaramonik ez zuen egin eta merezitako garaikurra jaso zuen Mujikak.

Zumarragako triatloilariak behin baino gehiagotan erakutsi du euskal selekzioen ofizialtasun aldarriarekiko atxikimendua. Eta gazteei konpromiso bera erakustea eskatzeko aprobetxatu du munduko txapelketan gertatutakoa.