NAIZ

10.000 gomazko ahatek beteko dute Urumea larunbatean Indiako hezkuntza proiektu bat laguntzeko

Indiako hezkuntza proiektu bat laguntzeko izango da ‘Lagunduck’ lasterketa solidarioaren bosgarren edizioa. Ez da ohiko lasterketa izango, 10.000 gomazko ahatek beteko dute Urumea ibaia Donostian, heldu den larunbatean.

IV.edizioko irudi bat, Urumea ibaira ahateak botatzen.
IV.edizioko irudi bat, Urumea ibaira ahateak botatzen. (@lagunduck)

Gomazko 10.000 ahatek «birpopulatuko» dute datorren larunbatean Urumea ibaia, Donostian, Acción Marianista GKEak antolatutako ‘Lagunduck’ lasterketa solidarioaren bosgarren edizioa dela eta, Indian hezkuntza proiektu baterako dirua biltzeko asmoz.

Arratsaldeko lauretatik aurrera Urumea inguruan aire librean gozatzeko hainbat jarduera izango dira, hala nola lasterketa solidarioa, haurrentzako tailerrak eta puzgarriak, antolatzaileek ohar baten bidez jakinarazi dutenez.

Ahateen desfilea Mundaiz zubitik abiatu eta Maria Kristinarainokoa izango da, arratsaldeko 18.30ean hasiko da eta Indiako Ranchiko haurrei zuzendutako proiektu soziohezitzaile baten aldeko jardunaldi solidarioaren ekitaldi nagusia izango da.

Laguntza Indiara

Indiako marianistek, REDS gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean, Adivasi etniako haur txikienei etorkizun duinago bat ematearen alde egiten dute lan, Ranchiko aldirietan «azkenen artean azkenak» baitira antolatzaileen arabera.

Horietako asko «Ragpickersak» dira (trapu biltzaileak), eta beraientzat eta haien familientzat oso zaila da egunero jan ahal izatea, ur edangarria edatea, sendagaiak eskuratzea edo eskolara joatea.

Marianistak haur horiek pobrezia zirkulu horretatik ateratzen ahalegintzen dira, eskolako lanak egiteko prestatutako zentroetan janaria biltzen eta banatzen esaterako. Haien bidez, gainera, familiengana iristen dira eta medikamentuez eta higiene jarraibideez hornitzen dituzte; horrek beraien bizi kalitatea hobetzen laguntzen die.

Elkartasunezko lasterketan parte hartzeko, izena eman eta «ahate bat adoptatu» behar da. Beraien webgunean aurki daiteke informazio osoa.