NAIZ

Oihan Mendok (EH Bildu Nafarroa) parlamentari kargua hartu du

Oihan Mendok EH Bilduren parlamentari kargua hartu du Nafarroako Legegiltzarrean, Xebe Txoperena ordezkatuz. Garesko alkatea izan zen 2015etik 2023ra bitartean.

Oihan Mendok Unai Hualderen eskutik parlamentari-akreditazioa jasotzen.
Oihan Mendok Unai Hualderen eskutik parlamentari-akreditazioa jasotzen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Xebe Txoperenaren ordez, EH Bilduren parlamentari kargua hartu du Oihan Mendok Nafarroako Legebiltzarrean. Erakunde Aretoan egin den ekitaldian, parlamentari berriak kargua hitzeman du Parlamentuko presidente Unai Hualderen, lehen idazkari Yolanda Ibañezen eta bigarren idazkari Mikel Zabaletaren aitzinean.

Oihan Mendo (1986) Garesen jaio zen, Historian lizentziaduna da, eta Antzinate Klasikoko Mediterraneoko Arkeologiako Masterra du. Garesko alkatea izan zen 2015etik 2023ra bitarte.

Mendok honako formula hau erabiliz hitzeman du bere kargura Parlamentuko presidentearen aitzinean: «Legeak horrela esaten duelako, hitza ematen dut, kontzientziaz eta ohorez, Nafarroako foru erregimena errespetatuko dudala, Konstituzioari eta legeei men egingo diedala eta Foru Parlamentari karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko ditudala».

Karguaz jabetzeko ekitaldian, UPN talde parlamentarioko Javier Esparza, PSN talde parlamentarioko Carlos Mena, Maite Esporrín, Javier Lecumberri, EH Bildu talde parlamentarioko Laura Aznal, Adolfo Araiz, Eneka Maiz, Javier Arza, Arantxa Izurdiaga eta Geroa Bai talde parlamentarioko María Solana egon dira.

Hualdek Mendo zoriondu du eta «zortea» opa dio bere jardueran. «Erakundeko lehendakari naizen aldetik, eta saio honetan nirekin batera dauden Mahaiko kideen eta Legebiltzar osoaren izenean, zorionak eta ongi etorria, Oihan. Ziur nago gaur hasten den etapa oso aberasgarria izango dela zuretzat, Nafarroako erkidego honetako emakumeak eta gizonak ordezkatzea erantzukizun handia delako, eta, zalantzarik gabe, baita ohore handia ere».

Ilusioa eta ardura

Mendok, berriz, kargua «pozik eta ilusioarekin, baina erantzukizunarekin ere» hartzen duela adierazi die kazetariei. «Lana hasteko gogoz naiz. Etxe honek nola funtzionatzen duen ikasi behar det. Nafar guztien etxean nire ezagutza eta eskarmentua erabili nahi dut», esan du.

Gareseko alkate izanda, erakundeetan duen eskarmentua baliogarria izango zaiolakoan da. «Prestaketa ona da. Herritarrak bi agintalditan ordezkatu ditut eta hori prestakuntza ederra da», gaineratu du.

Ordezkatzen duen Txoperena gogoan izan du eta Parlamentuan trantsizio ekosozialean eta ondare arloan duen gaitasun profesionala erabilgarriak izan daitezkela esan du.