INFO

Jordaniako Abdala II erregeak Gazako 2.000 haur jasoko dituela iragarri du, Trump lasaitu asmoz

Etxe Zurian izan da Abdala II Jordaniako erregea, eta gaixorik dauden Gazako 2.000 haur hartuko dituela iragarri du. Bestalde, bileraren ostean, sare sozialen bidez argitu du ez dagoela palestinarrak Gazatik kanporatzeko Donald Trumpen planarekin ados.

Trump presidenteak Etxe Zurian hartu ditu Jordaniako erregea eta printzea, astearte honetan. (Andrew Leyden | ZUMA Press Wire )

Abdala II Jordaniako erregeak astearte honetan iragarri duenez, bere herrialdeak Gazako 2.000 haur gaixo hartuko ditu, Donald Trump AEBetako presidentea baretzeko ahaleginean.

Etxe Zuriko Bulego Obalean egindako bileraren hasieran, Abdala II erregeak adierazi du Jordaniak minbiziaren edo beste gaixotasun batzuen tratamendua jasotzen ari diren 2.000 haur hartuko dituela «lehenbailehen». Kalkulu politiko nabarmena duen keinua ondo hartu du Trumpek, eta «benetan ederra» dela esan du.

Izan ere, pasa den astean, Trumpek Ameriketako Estatu Batuek Gazaren kontrola hartzeko eta inguru hori berreraikitzeko plana proposatu zuen, palestinarrak Jordanian eta Egipton birkokatu ostean. Hamaika kontrako erreakzio izan zituen plana proposatu bezain azkar.

«Bakea edukiko dugu, mantendu egingo dugu eta bakea dagoela ziurtatuko dugu, inork ez dezala zalantzan jarri behar bezala kudeatuko dugunik», adierazi du Trumpek Gazari buruz, bere planak Ekialde Ertainera «bakea» ekarriko duela azpimarratuz.

Trumpek adierazpen horiek egin dituen bitartean, Abdala II.ak adi entzun dio ondoan eserita. Jendaurrean presidenteak esandakoa ez du ez baieztatu, ez eta gezurtatu ere, eta kazetariek behin eta berriz galdetu ostean, Egiptok bere proposamenak aurkeztu arte itxarongo duela esan du.

Hala ere, bileraren ostean, erregeak sare sozialetan adierazi du bilera «eraikitzailea» izan dela, baina palestinarrak lekuz aldatzeko planarekin ados ez dagoela berretsi du, eta gaineratu du, espero duela AEBek ziurtatzea Gazako su-etenari eutsiko diola Israelek.

«Hau da herrialde arabiarren jarrera bateratua: Gaza palestinarrak baztertu gabe berreraikitzeak eta egoera humanitario lazgarria konpontzeak guztion lehentasuna izan behar du», azpimarratu du, eta gehitu «bi estatuen koponbidean oinarrituta bake justua lortzeko» bidean lan egin behar dela.

Jordaniarako laguntza

Bileraren puntu eztabaidagarrienetako bat Washingtonek Jordaniari eta Egiptori diru-laguntza murriztea izango zela espero zen, errefuxiatu palestinar gehiago onartzeko presio neurri gisa. Aukera hori astelehenean aurkeztu zuen Trumpek posibletzat.

Proposamen horren berri emandakoan, prentsak galdetu zion ea Egiptoren eta Jordaniaren ezezkoen aurrean laguntza murriztea aukera bat ote zen, eta Trumpek erantzun: «Bai, agian. Jakina, zergatik ez?», eta gaineratu zuen: «Ados ez badaude, laguntza atxiki dezaket. Bai».

Hala ere, astearte honetan presidenteak atzera egin du eta ziurtatu du ez duela Jordaniara edo beste herrialde arabiarretara bideratzen duen laguntza etengo Gazatik datozen errefuxiatu gehiago hartzeari uko egiten badiote. «Ez dut horrekin mehatxatu behar. Horren gainetik gaudela uste dut», baieztatu du.

Jordania eta Egipto AEBetako laguntza militar eta ekonomikoaren hartzaile nagusien artean daude. 2023ko urte fiskalean, Washingtonek gutxi gorabehera 1.500 milioi dolar bideratu zituen Egiptora eta ia 1.700 milioi Jordaniara, Estatu Departamentuaren datuen arabera.

Jordaniak bi milioi palestinar baino gehiago hartzen ditu, aurreko gatazkengatik lekualdatuak, eta, kausa palestinarrari babesa eman arren, errefuxiatu gehiago jasotzeari uko egin dio, horrek egonkortasuna arriskuan jarriko lukeela eta palestinarrentzako aberri alternatibo bat sortzea ekar lezakeela iritzita.