INFO

Euskararen galera aldi berri baten hasiera islatzen du 2036rako proiekzio demolinguistikoak

UEMAren eskariz, 2036an Hego Euskal Herrian euskararen egoera zein izanen den aztertu du Siadeco ikerketa etxeak. Emaitzek larrialdi linguistikoa baieztatu dute: eremu euskaldunena ahuldu eginen da, arnasguneak ia desagertzeraino. Gainera, haur eta gazteen artean atzerapauso argia aurreikusten da. 

Ezker-eskuin, Miren Segurola UEMAko koordinatzailea, Martin Aramendi UEMAko lehendakaria, Iñaki Iurrebaso UEMAko ikerlaria eta Unai Oiartzun Siadecoko ikerlaria. (Jon URBE | FOKU)

Oro har, euskararen galera aldi berri baten hasiera baieztatu du Siadeco ikerketa etxeak UEMAren enkarguz egin duen ikerketak. Hego Euskal Herriko 2036rako proiekzio demolinguistikoa egin dute, galdera bati erantzun nahian: norantz doa euskara?

Unai Oiartzun Siadecoko ikerlariak argitu bezala, emaitzak ez dira 2036rako iragarpen bat, baizik eta hipotesi batzuk beteko balira espero dezakeguna irudikatzeko ariketa bat. Ondorio nagusiak kezkagarriak dira: Eremu euskaldunena ahuldu eginen da, kasik arnasgunerik gabe gelditzeraino. Etxeko erabileraren, lehen hizkuntzaren eta nagusitasun eremuen bilakaerak argi erakusten dute. Halaber, haurren eta gazteen artean atzerapauso argia aurreikusten da. Azken hamarraldietako lorpen handienetakoa kolokan jartzen du horrek: belaunaldi berrietan aurreratzea.

Eragin daitekeen errealitatea

Iñaki Iurrebaso UEMAko ikerlaria arduratu da emaitzen irakurketa egiteaz. Nabarmendu duenez, 1960ko hamarkadatik XXI. mendearen hasierara arte euskara biziberritu zen bezala, orain atzeraldian sartu gara berriro. Gainera, 2036tik aitzinera ere segituko du joera horrek.

Dena den, eragin daitekeen errealitate bat da hau, erran duenez. «Hizkuntzaren kontzientzia indartuz eta hizkuntza politika eraginkorrekin», bertzeak bertze. «Egoera arriskutsu batean gaude, esnatzeko garaia da», egin du dei.

UEMAk argi du zeintzuk ez diren bideak: arrazakeria, biztanle etorri berriei errua leporatzea; ostrukarena eginez demografiaren eragina ukatzea edo gutxitzea; eta atzerapena onartzea. 

«Euskararen aldeko politikei lehentasuna eman behar zaie ikerketa honek erakutsi duen galerarako joerari kontrapisua jartzeko», aldarrikatu du.

Hezkuntzari esker eutsi

Ikerketaren bertze ondorioetako bat da euskalduntze prozesuak, nagusiki hezkuntza arautuak, eragin handia izanen duela 2036ko egoeran. Horri esker eutsiko zaio euskararen ezagutzaren hazkundeari, nahiz eta hazkundearen erritmoa dezente motelduko den. Araba, Bizkai eta Gipuzkoak eutsiko diote zehazki. Nafarroan, ordea, jaisten ere has daiteke ez dagoelako halako oinarririk.

Biztanleria euskalduna zahartze prozesu batean sartuko da. Haur eta gazteen pisua jaitsi eginen da. Horrek badu bere alde positiboa ere, Oiartzunek azaldu duenez: orain arte erabilera sozialean oztopo izan da adinekoen ezagutza mugatua, eta hori atzean geldituko da.

Migrazio mugimenduak

Ikerlanak baieztatu duenez, migrazio mugimenduen hartzaile izaten jarraituko dugu. Etorri berriek lanerako eta ugaltzeko adina izanen dute. Hain zuzen, 25 eta 44 urte bitarteko biztanleriaren %44 atzerrian jaioa izanen da Hego Euskal Herrian 2036an.

Horietako aunitzek gaztelania izanen dute lehen hizkuntza eta hori transmitituko dute. Horren ondorioz, euskararen ezagutza maila murriztu eginen da gazteen artean. Baina hori gertatzeko faktore gehiago ere badira: euskara pixkanaka galtzen joanen da familia barneko transmisioan. EAEn sortutakoen artean euskara hutsik erabiltzen dutenak %15etik %13ra jaitsiko dira. Gora jarraituko du, bitartean, euskara eta gaztelania, biak erabiltzeko ohiturak. %13tik 16ra igoko da.

Arnasguneen gainbehera

Etorkizun hurbilean euskal hiztunak gero eta gehiago biziko dira erdara nagusitzen den eremuetan. Aldiz, hagitz gutxi biziko dira arnasguneetan edo euskara nagusi den herrietan, ez herri horiek biztanleria galduko dutelako, baizik eta etxeko erabilerak behera eginen duelako. Euskaldunen %67,7 erdara nagusi den eremuetan biziko dira.

Horrekin lotuta, gero eta gehiago izanen dira euskara lehen hizkuntza bakar gisa izanen ez dutenak, erdaraz erosoago ariko direnak edo euskara erabat menderatzen ez dutenak. Horrek erabilera oztopatuko du.

Euskal hiztunen ezaugarriak aldatzen ari dira, beraz. Itxura guztien arabera, euskararen bizi-indarraren kaltetan, batez ere Bizkaian eta Nafarroan. Gipuzkoan euskararen bizi-indarraren higadura txikiagoa ageri da, sendoago eutsiko die hizkuntzaren arnasgune diren eremuen ezaugarriei.

Siadecok etxeko erabilera hartu du aintzat azterketa honetan. Horren arabera, arnasgune beteen multzoan (%80tik gorako etxeko erabilera duten udalerriak) bost udalerri daude gaur egun, horietatik lau Tolosaldean. Bada, proiekzioa eginez ikusten da 2036an arnasgune beteen eremu hau, bosgarren eremua deritzona, desagertu eginen dela, eta ia laugarren eremua ere bai (etxeko erabilera %60-80 artean duten udalerriak). Bizkaian ez da geldituko laugarren nagusitasun-eremuko herririk. Nafarroako bederatzi herri (3.692 biztanle) eta Gipuzkoako 12 (3.575) geldituko dira.

Alde ona da Gipuzkoan lehen nagusitasun-eremua desagertuko dela da (etxeko erabilera %20tik behera). Araban, ordera, lehen eta hirugarren nagusitasun-eremuak egonen dira soilik. 

Iurrebasok oroitu duenez, 2000tik jada atzeraka hasita gaude arnasguneetan. 

Bi fenomeno aldi berean

Beraz, proiekzio hau beteko balitz, norantz ariko ginateke mugitzen? UEMAko ikerlariaren arabera, bi fenomeno ari dira gertatzen aldi berean. Alde batetik, euskararen gune trinkoak ahultzen doaz. «Hizkuntza bizi batek horiek behar ditu. Euskara nagusi den lurralde eremua ia desagertze bidean da. Kirolarekin konparaketa eginez, horrek euskara dibisioz jaistea ekarriko luke».

Bertzetik, haur eta gazteen artean atzeraka hasi da euskara. «1960tik aurrera emandako indarberritze prozesuari esker euskararen ezagutza handiagoa izan dute belaunaldi berriek zaharrek baino. Hori oso arraroa da, lorpen handi bat, hezkuntzaren eta familien ahaleginak ekarria. Lorpen horretan atzerakada izanen dela dio Siadecok».

Ikerketa, eragileen esku

Ondorioek duten garrantziagatik UEMAk erakundeei, alderdiei eta euskalgintzako eragileei aurkeztu die ikerketa. Gaia bereziki landu nahi izan du erakunde publikoetako hizkuntza politikako arduradunekin, baita Euskalgintzaren Kontseiluarekin ere, euskara biziberritzeko lanean duten gidaritzagatik. UEMAko kide diren herrietako euskara teknikariek ere jaso dute ikerlanaren berri. Ekainaren 14an Azkoitian egin zuen batzar nagusian, UEMAk bertako kide diren 118 udaletako ordezkariei ere aletu zizkien ikerlanaren nondik norakoak.

Asteazken honetan, UEMAk eta Euskaltzaindiak mintegia egin zuten gai honen inguruan. Bertan izan ziren erakunde publikoetako hizkuntza politikako arduradunak, alderdi eta sindikatuetako ordezkariak, euskalgintzako kideak, euskaltzainak eta ikerlariak.