NAIZ

#BTN17, BECeko olatuak sareak blaitu ditu

Bertsolari Txapelketa Nagusiko hausnarketa, kiniela eta bitxikeriak BECeko paretak zeharkatu eta non-nahi zabaldu dira Twitter bidez.

Ia 15.000 bertsozale elkartu dira BECen. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Ia 15.000 bertsozale elkartu dira BECen. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Maialen Lujanbiok bigarrenez jantzi du txapela 14.600 lagun hartuta bero-bero zegoen Barakaldoko BECen. Saio ederra osatu zuten finalera heldutako zortzi bertsolariek, aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusia behar bezala agurtuz.

BECeko sarrerak agortuta, asko izan ziren telebistaz, internetez ala irratiz etxetik, tabernatik edo elkarteetatik saioa zuzenean jarraitu zutenak. Orain urte batzuk pentsaezinak ziren sare sozialetan ere oihartzuna izan zuten BECeko errimek.

Makina bat hausnarketa, kiniela eta bitxikeria irakurri ahal izan ditugu #BTN17 traolaren magalean.

Asko izan ziren, Aitor Mendiluzerekin indarrak buruz-burukoan neurtu ostean, Maialen Lujanbiori merezitako zorion agurrak helduarazi nahi izan zizkiotenak. Goizeko kartzelako gaian heroinak harrapatuta etxetik alde egitera iritsi zen baten rolean sartu zen Lujanbio, entzuleak dardaraziz. Gaiari erreferentzia egin guran arrakasta izan zuen txioa bota zuen @babarelefantea erabiltzaileak.

Bertsolaritzan orain artean ia ezkutuan igaro diren gaiak eta protagonistak oholtzaratzen abila da Lujanbio. Atzoko saioan, adibidez, jendartearen ertzean bizi diren drogazaletasuna, prostituzioa edota amatasun eredu berriak taularatu zituen. Zaleek gogoz hartu zuten hernaniarraren saio distiratsua eta asko izan ziren bere ekarpena sareetan txalotu zutenak.

Bertsozaleen artean, lehiaketa osoan zehar, zeresan handia eragin du Patxi Bakallo ezizena hartuta Twitterreko plaza nahasten aritu den erabiltzaileak. Eta atzo, noski, finalean izan zen.

Bakallok aipatu bezala, gai potoloak izan zituzten ahotan bertsolariek eta asko izan ziren harmailetan isuritako malkoak, izan ere, zenbait bertso gezien antzera bihotzera zuzenduak izan ziren.

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren erakustoki bilakatu zen atzokoan Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre (BEC). Haatik, bertaratutako guztiak ez ziren horretaz jabetu.

Euskararen lurralde osotik iritsitako ia 15.000 lagunek bete zuten BEC, tartean baziren ere munduko txoko ezberdinetatik etorritako zenbait bertsozale . Mintzola Ahozko Lantegiak gonbidatuta, izen bereko Terrazan izan ziren atzerririk etorritako 92 lagunak

Ederra izan zen BECen ikusi ahal izan zen itsasoa, batzuetan geldi eta isil-isilik eta besteetan, harro olatuan gora. Itsasoan busti ziren horiek euren sentipenekin blaitu dituzte sare sozialak.

Agurren finala ere izan zen atzokoa, izan ere Igor Elortzak zein Aitor Sarriegik Euskal Herriko txapelketan gehiago ez dutela kantatuko iragarri zuten azken agurrean. Elortzarenzat zazpigarren txapelketan, laugarren finala zuen atzokoa. Sarriegik, ordea, hirugarren eta azken finala zuen.