NAIZ

2017. urtea iruditan, Ekinklik-en eskutik

Bukatu berri den 2017. urtearen uzta argazki bilduma honetan batu nahi izan du Ekinklik-ek.

Resumen 2017 from ekinklik argazkiak on Vimeo.

2017. urteari agur esan berritan, Ekinklik argazkiak hezurmamitzen duten argazkilariek urteak emandakoa argazki bilduma honetan batu nahi izan dute.

Lau minutu eta erdian, hamarnaka irudi biltzen ditu lanak. Bertan iaz gure herria lasterka zeharkatu zuen euskararen aldeko Korrika, euskal presoen aldeko hamaika mobilizazio, emakumeen eskubideen aldeko ekimenak, errefuxiatuen aldeko ekintzak, Iruñeko San Ferminak hala Kataluniak urte amaieran bizitako zurrunbilo politikoaren isla aurki daiteke. Kolorez eta indarrez zipriztindutako irudiak, denak.

Argazkilaritza ekintza gisa ulertzen duten herri mugimendu ezberdinetako zenbait kidek osatu zuten Ekinklik orain 10 urte. Salaketa eta aktibismo politikoa filosofiatzat hartuta, mobilizazio sozialen bozgorailua bihurtu nahi dute argazkilaritza. Era berean, mundu ezberdin baten alde borrokan diharduten lagun zein kolektiboentzat tresna erabilgarria izan nahi du Ekinklik taldeak.

Bideoan jasotzen duten bezala, Eduardo Galeanok idatzi zuen moduan: «Kontsumo jendarteko argazkilariak hurbiltzen dira, baina ez dira sartzen. Bisita iheskorretan kliskagailua sakatzen dute, eta flasharen argi biziak eztanda egiten du: fusilatu bezain pronto ihes egiten dute». Ekinklik-ek urruntasunetik ateratako erretratutik harago doan esku-hartze fotografikoko kolektiboa izan nahi du. Ez dugu ikusle hutsak edo “bisitari iheskorrak” izan nahi. Gertaera bat azalarazteko, hura ulertu, partekatu, eta gure objektiboen bitartez bertan parte hartu nahi dugu.