NAIZ

Bularra lasaitasunez emateko gonbidapen berezia


Deustuko liburu-dendak bularra emateko beharrean aurkitzen diren emakumeak lasaitasunez sartzera gonbidatu ditu atarian ipinitako karteltxo batekin. Sareek txalotu egin dute liburu-dendaren detailetxoa.

Amek euren seme-alabei bularra lasaitasunez eman diezaien, gonbidapen berezia luzatu die Deustuko liburu-dendak. Atarian ipinitako karteltxoan, euskaraz zein gaztelaniaz, baimena eskatu gabe eta deus kontsumitzeko obligaziorik gabe sartzera animatzen ditu bularra eman beharrean aurkitzen diren emakumeak. Nahi izanez gero gainera, kafetxo bero batera gonbidatuko dituzte.

Ama zein umearentzat bularra ematea osasungarria dela zalantzan jartzen ez bada ere, bularra leku publikoetan ematea eztabaida eta lotsa iturri da askorentzat. Pil-pilean den eztabaidaren erdian halako keinuek sona izaten dute eta horrela ulertzen da Deustuko liburu-dendaren detailetxoak sarean izan duen oihartzuna. Larunbatean partekatu zuen liburu-dendak berak Facebooken ataria duen karteltxoaren argazkia eta bi egunen buruan ia mila partekatze izan ditu gaztelaniazko bertsioak.

Ez da lehen aldia gure kaleetan halako gonbidapenak aurkitzen ditugula. Orain urtebete, Eibarko Tarte kafetegiak antzeko karteltxoa ipini zuen ataria eta NAIZen ere jaso genuen gonbidapen hark sareetan izandako oihartzuna.

Orain hiru urtera arte gainera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ez zegoen aitortuta leku publikoetan seme-alabei bularra emateko eskubidea. Euskadiko osasun-sisteman pertsonek dituzten Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpenak 2015ean onartu zuen eskubide hau. Zehazki, adierazpenaren 9. artikuluak, sexu eta ugalketa-osasunari lotutakoak, jasotzen du eskubide hori eta haren arabera, «seme-alabei bularra edozein lekutan emateko eskubidea» dute emakumeek.