NAIZ+

Euskal Herriko festetan egiten den animalien erabilera dokumental batean jaso du Askekintzak

Zezenketak, sokamuturrak, idi demak.. Euskal Herriko jaietan egiten den animalien erabilera dokumental batean jaso du Askekintzak. Martxoaren 23an aurkeztuko duten arren, trailerra sarean da.

Euskal Herriko festetan egiten den animalien erabilera aztertu eta dokumentatu du Askekintzak eta 2014tik 2017ra aktibista desberdinek 30 herritan eta ezkutuan grabatutako irudiekin ekoiztu dute ‘Gurean’ dokumentala. Donostiako Trueba aretoan aurkeztuko dute ikus-entzunekoa martxoaren 23an, haatik sarean da dagoeneko lanaren trailerra.

Sokamuturra, idi eta zaldi demak, ahari jokoak, zezenketak, arrantza eta ehiza txapelketak, asto lasterketak, animalia erakusketak, zaldi edo asto lasterketak... Euskal Herriko festetan ohikoak diren ekitaldiak ikusi ahalko dira dokumentalean, Askekintzaren iritziz «injustuak» denak.

Kolektibo honen aburuz, «lotsagarria da horrelako praktikak onartu eta, gure pribilegioak erabiliz, gizakiok beste animaliak esplotatzen jarraitzea» eta dokumentalarekin batera dei berezia egin nahi die Askekintzak jaiak antolatzen aritzen diren jai batzorde, instituzio, kolektibo, eragile eta norbanakoei animaliak erabiltzeari utz diezaieten.

Askekintzaren aburuz, dokumentalean argi erakusten da «festetan gainontzeko animaliak haien borondatearen kontra erabiltzen direla, eta izugarria dela sufritzen duten zapalkuntza». Animalien eskubideen aldeko kolektiboarentzat «lotsagarria» da horrelako praktikak onartzea.