NAIZ+

‘Dira, dira, zezenak dira...’

Iruñeko entzierroak ezagunenak diren arren, ez dira gurean egiten diren bakarrak… Zarauzko entzierro hauetan gainera, protagonista berezi bereziak daude.

Zarauzko Aritzbatalde auzoko neska mutilak dira entzierro bitxi honetako korrikalariak. Protagonista ordea, arineketan haurrak harrapatu nahian dabilen txakur txikia.

Bideoa ez da berria. Orain dela bi urte iritsi zen Facebook-era Alex Royo-ren eskutik. «Zauriturik gabeko entzierroa, Zarautzen» zioen bideoa laguntzen zuen mezuak. Makina bat partekatze eta ikustaldi izan zituen orduan. Youtubera ere garai antzekoan iritsi zen, ia 40.000 ikustaldi eskuratura.

Sanferminen edizio berriekin batera baina, sare sozialen plazara egiten du salto bideoak, ikusleen irribarreak lapurtuz.

Aurten zezen puzgarriak, hirugarrenez

Zarautzen gainera, asteburu honetan bestelako entzierro baten berri izan dugu. Hauetan protagonistak ere zezen berezi batzuk izan dira, zezen puzgarriak hain zuzen ere.

Madrilgo Recortauro taldeko kideak hirugarrenez etorri dira Zarautzera 'Dira dira zezenak dira' izenburua daraman ikuskizunarekin. Larunbatean San Fermin egunarekin, arratsaldeko 18.00etan atera ziren Lege Zaharren enparantzan eta entzierro bikaina burutu zuten, alde zaharreko kaleak haurrez eta helduz betez.