NAIZ+

Sakana zeharkatuko du aurten Ikasle Abertzaleen Eskola Ibiltariak

Irurtzunen hasi eta Altsasun amaituko da, uztailaren 25etik 27ra, Ikasle Abertzaleek egin duten Eskola Ibiltaria.

«Urrats bat marraztuz etorkizunean» leloa hartuta uztailaren 25 eta 27 bitartean Eskola Ibiltaria egingo dute Ikasle Abertzaleek. Irurtzun eta Altsasu arteko bidea lotuko dute pausoz pauso, ikasturtean zehar landu dituzten borroka lokal eta ildo ezberdinak elkarbanauz, komunean jarriz eta horien inguruan hausnartuz.

Ekimenaren baitan mendi ibilaldiak, formakuntza saioak, tailer praktikoak eta kontzertuak egongo dira. «Euskarazko aisialdi proposamen aparta» da beraz, Eskola Ibiltaria antolatzaileen iritziko.

Hiru etapatan banatuko da Eskola Ibiltaria: Irurtzun-Uharte Arakil (Uztailak 25), Uharte Arakil-Etxarri (Uztailak 26) eta Etxarri-Altsasu (Uztailak 27). Egun bakotzari dagokion herrira iritsita, bazkari herrikoiaren ondoren, hitzaldi eta tailerrak egingo dituzte, eta 27an kontzertuak ere izango dira.

«Ikasturteko hamaika borroken poderioz, Euskal Herriko hezigune ezberdinak astindu ditugu ikasturte osoan», adierazi du IAk zabaldutako oharrean. «Ikasle gelen aldeko aldarriak, errebalidei planto egiteko dinamikak, Herri unibertsitateak edo gaur egungo hezkuntza errefuxatzeko Martxoaren 21eko greba izan dira inflexio-puntuetako batzuk», azaltzen dute bertan ikasturteak emandako laburbilduz. Udan ordea, gelditzeko asmorik ez dutela eta Eskola Ibiltariari ekingo diote.

The Fridays Crew musika taldeak sortu du aurtengo edizioko kanta.