NAIZ+

«‘Sozialismoa ez da dekretatzen, eraikitzen da’ zioen Chavezek; hori da gu orain egiten ari garena»

Venezuelak bizi duen egoera ekonomiko larriari irtenbideak bilatzeko lanetan dira herritarrak zein Maduroren Gobernua. Euskal Herritik bertaratutako Askapenaren brigada ahalegin hauen testigu da eta hala azaldu dute kronika honetan.

Herritarren ahotik entzun dituzte brigadistek zenbait herri alternatiba.
Herritarren ahotik entzun dituzte brigadistek zenbait herri alternatiba.

 

Herri alternatibetatik hasi…

Herria itotzen ari dira, eta nahita egiten dute. Venezuelan daramatzagun hogei egunetan inperialismoak eta eskuineko oposizioak herriaren oinarrizko eskubideen urraketarako erabiltzen dituen estrategia guztiak argi ikusi ditugu. Baina bada argi izpirik, izan ere eraso guzti horiek herria alternatibak eraikitzera eraman dute, ekoizpen sistemak sortuz eta norberak bizirauteko behar dituen bitarteko oro martxan jarriz. «Sozialismoa ez da dekretatzen; eraikitzen da», zioen Chavezek; «hori da gu orain egiten ari garena».

Elikagaien aferak sortzen du kezka nagusienetariko bat. Ekoizpenen %90 inportatzearen eta bitartekarien espekulazioaren ondorioz, oinarrizko elikagaiak merkatuan lortzea ezinezkoa da maiz: herritarrak ezin du herriko dendan edo azokan janaririk erosi. Prezio kontrolatuak dituzten produktuak ez dira agertzen eta gainerakoak garestiegiak dira herritar gehienen bizi mailarako. Behar horri erantzuteko, nekazarien eta herritarren arteko zirkuitu zuzenak eraikiz kontsumo komiteak sortzeari ekin diote herrialde guzian zehar. Méridako adibidea ezagutzeko aukera izan genuen aurreko astean: La Casa del Costurero centro soziokultural autogestionatuan elkartzen dira astero, barazkiak pisatu eta poltsatan banatzeko, proiektuko kide bakoitzari aste horretarako eskatu duena prestatzeko. Bertakoen esanean, merkatuko prezioa baino %50 merkeago lortu ohi dituzte produktuak modu horretan. Ondoren, asanbladan biltzen dira, bakoitzak dituen oharrak entzun, eta sortu diren arazoak edo izan daitezkeen proposamenak eztabaidatzeko.

Barquisimeton ere gisa bereko proiektu bat ikusi genuen, familia bakoitzeko ekoizpen unitate bat sortzeko helburua duena. Txerriak, oiloak, eta galeperrak hazten dituzte atrakzio parke izan zen gune batean, eta handik familiei uzten dizkiete animaliak, umatu ondoren beraien ekoizpen unitate partikularrak sortu ditzaten. «Bata bestearenganako konfiantza eta elkartasunean oinarritzen da gure proiektua». Poliki doaz haien erranetan, denbora eskatzen duen proiektua da, baina erritmo horretan hemendik 3-4 urtera herrialde guzian sare zabal bat osatzea espero dute, elikadura burujabetza helburu.

Antolaketa eredu berri hauek herria ahaldundu dute, eta kontsumo taldeak sortzetik harago, herri boterea bermatu zein indartu nahian, Kontseilu Komunalak eraberritzeko aukera bezala baliatzen ari dira. Kontseilu Komunalak eta Komunak Hugo Chavez komandanteak bere legealdian zehar proposaturiko antolakuntza ereduak dira, non herri, auzo zein sektoreetan bizilagunak antolatu eta komunitateari loturiko erabakiak hartzeko aukera dute. Bizilagun taldeek Kontseilu Komunalak osatzen dituzte, eta hauen ordezkariek komunak, gobernuarekin elkarrizketa zuzena bermatzen dute. Beste modu batera esanda, herriak praktikatik erakutsi du herri boterearen bitartez alternatibak sortzeko eta antolatzeko gai dela. Auto-antolaketa, herritik eta herriarentzat.

eta Gobernuaren alternatibak aipatuz


Ildo beretik, Gobernuak geldirik ez geratzea erabaki du egoera ekonomikoari aurre egiteko eta neurri sorta bat argitaratu du; aldaketa garaia da. Herrialde bolivartarrak pairatzen duen hiper-inflazioa kontutan hartuz, moneta aldaketa eta neurri ekonomiko batzuk hartzea proposatu du Maduroren taldeak.

 Lehenik eta behin, moneta zortzigarrenez aldatzea erabaki du: Bolivar Fuertea Bolivar Soberanoa bilakatu da, hau da, bost zero kendu zaizkio monetari. Honen helburuetako bat, esku-diruaren “desagerpena” ekiditea da, Kolonbiara bidalketa etenez. Bigarrenik, petroleoaren prezioa nazioarteko prezioarekin parekatuko dute, hau ere Kolonbian sortzen den kontrabandoa mozteko asmoz -azken hilabeteetan, patriaren karneta ateratzeko aukera izan dute herritarrek, eta horren bidez, gasolina erosteko laguntza emanen die Maduroren gobernuak-. «Pertsona da ekonomikoki lagundu behar dena, ez produktua», aipatu izan digute behin baino gehiagotan. Hirugarrenik, oinarrizko elikagaien (rubro) prezioak adosteko konpromisoa hartu du Nicolas Madurok. Ikusi beharko da nola bermatzen den hau, eta zein estrategia erabiliko dituzten bitartekariek hemendik aurrera, gerra ekonomikoaren baitan, elikagaiei nahi dieten prezioak jartzen segitzeko. Azkenik, eta lekuz kanpokoa dirudien arren, gutxieneko soldata 36 bider handiagoa izango dela aipatu du presidenteak, bost milioi pasatzetik ehun eta laurogei milioitan ezarriz, hau da, 1.800 bolibar soberano. Irailean jasoko dute lehen saria langileek.

Neurri guzti honek noski, mota askotako erreakzioak sortu ditu Venezuelan. Enpresari handiak azkar atera dira soldata minimoa haientzat jasanezina izango dela salatzera. Azken egunetan produktu anitzen prezioak hirukoiztu eta laukoiztu ere egin direla ikusi ahal izan dugu kalean. Kilo bateko arroz paketea, 1,2 milioi bolibarretatik, 16 milioi bolibarretara pasa da, leku batzuetan adibidez. Ikusi beharko da zer gorabehera izango duten prezioek hurrengo egun eta asteetan. «Agian ezinbestekoak dira, baina ez dezatela erran neurri hauek Chavismoa direnik, neurri liberalak dira», salatu zigun aspaldiko militante batek, egoeraz kezkatua. Egoerari aurre egin eta krisitik apurka-apurka atera ahal izatea espero dute, hala ere, orokorrean.

 Eskuineko oposizioak kalera ateratzeko deia zabaldu du azken egunetan baina ez du arrakastarik izan. Ez dute proposamen politikorik, eta Guarinben garaiak arrastoa utzi zuen leku anitzetan. Kolonbia ere hasi da mugitzen: Gobernuarekin lotura duten pertsonen zerrenda bat argitaratuko du, Kolonbian edozein mugimendu egiteko debekua izanen duena; «Venezuelan demokrazia berrezartzeko lista» deitu dute, han eta hemen, gasolinaren kontrabandoa mozteko gobernu bolibartarrak hartutako neurrien erantzun gisa ikusi dena. Egoerak desorekatua izaten jarraitzen du, baina, badirudi Maduroren neurriek oposizioa aztoratu dutela, eta seinale ona da hori.

Hurrengo aste eta hilabeteetan ikusiko da egoera hobetzeko esperantzarik dagoen ala ez.

Pueblo valiente, patria independiente!