NAIZ+

Googlek euskaraz eman ditu eskerrak, bere 20. urtemugan

Googlek bere 20. urteurrenari eskaini dio gaurko ‘Doodlea’. Googleren historiari errepasoa egiten dion bideo bat da eta hizkuntza desberdinetan eskerrak ematen amaitzen du. Euskara da horietako bat.

google
google

Bi hamarkada bete ditu Google arakatzaile famatuak eta urtemuga ospatzeko lanetan murgildu da. Gaur urtebetetze horri eskaini dio ‘Doodlea’, arakatzailean sartu orduko ageri den bideoa, eta Google zer den hamaika adibiderekin azaltzeaz gainera, eskerrak eman dizkie erabiltzaileei hizkuntza anitzetan. Tartean irakurri daiteke, euskarazko ‘Eskerrik asko’ ere.

Google arakatzailean 20 urte hauetan guztietan gehien bilatzen diren elementuak ikusi daitezke gaur zabaldutako bideoan. Pluton planeta ote den, zenbait errezetaren nondik norakoak,  Cambridgeko dukeen errege ezkontzaren gaineko bideo eta argazkiak edota selfie-ak zer ote diren erakusten duen azalpena moduko gauzak ageri dira bideoan. Horiek baitira urte hauetan arakatzaile honetan mundu osoan zehar gehien bilatutako elememtuak.

1998ko irailean sortu zuten Larry Page eta Sergey Brin-ek Google enpresa, Stanfordeko Unibertsitatean konputazio zientzietako doktoretza egiten ari zirela. Googleren produktu nagusi eta ezagunena izen bereko arakatzailea den arren, zerbitzu askoz gehiago eskaintzen ditu enpresak honek. Hala nola, gmail posta elektronikoa, Google calendar egutegi zerbitzua edo Google translate testuen itzulpen zerbitzua, adibidez.

Arlo teknologikoan zein  finantza arloan erraldoia den Google-k osasuntsu bete ditu bi hamarkadak,  erabateko nagusitasuna lortu du-eta Interneten.