Oihana Llorente

Geoparkea, babestua behar lukeen eremua plastikoz betea

Hondakin plastikoek gure itsasertza nola hondatzen duten salatzen du Oier Bartolemek Deba eta Zumaia arteko kostaldean atzo grabatutako bideo honetan.  NAIZek egilearekin hitz egin du, bideoak sareetan oihartzuna izan ostean.

Oier Bartolome bideoaren une batean.
Oier Bartolome bideoaren une batean.

Deba eta Zumaia arteko itsasertza, dituen geologia, paisaia eta natur balio handiengatik, eremu babestua da. Nazioartean ere ezaguna da agertzen duen itsasertzeko eremuaren geomorfologia eta horregatik guztiagatik Babestutako Biotopo izendapena du flysch-ak. Babestua behar lukeen eremua, baina, ez da horrela ageri itsasertzetik ikusiz gero.

Oier Bartolemek ondo ezagutzen du eremua, maiz izaten baita bertan surfa egiten eta aspertuta dago inguruan aurkitzen duen zaborrarekin. Atzo nazkatuta, mugikorra hartu eta salaketa bideo bat grabatzea otu zitzaion. Itsasertzeko higadura bereizgarrietan aurki daitekeen zaborra erakusten zuen bitartean hura zaintzeko deia egiten du bertan Bartolemek.

Bazkalostean zabaldu zuen bideoa Facebook eta Whassapez eta zur eta lur dago lortutako arrakastarekin. «Familia eta lagunartean zabaltzeko grabatu nuen eta eta Facebooken bakarrik 60.000 ikustalditik gora lortu ditu», dio oraindik sinistu ezinik NAIZentzat egindako adierazpenetan.

Jakin badaki, instituzioak ez direla arazo honen sortzaile baina, bai «arazoari konponbidea emateko erantzule» eta beraiei egin nahi die dei bideo honekin. «Garbiketa sakonagoa egin behar da, maiztasun handiarekin, modu finkoagoan», dio Bartolemek.

Haatik, ez dira instituzioak bakarrik kontzientzia hartu behar dutenak. «Denok ezagutu behar dugu zer eragin duen zaborra hala nola botatzea», gaineratu du.

Bideoak arrakasta itzela izan du sarean eta Geoparkea kudeatzen dute horiengan ere heldu da mezua; izan ere, azkar erantzun dute sarean.