NAIZ+

Ez bertakoak, ez kanpokoak, «inor ez da ilegala»

Gernikako arbola zaharraren aurrean ezpata dantza dantzatu zuten gaur egun Gernikan bizi diren errefuxiatuek, Bizkaitik ihes egin behar izan zutenak gogoan.

Gernikako ekitaldiko irudi bat.
Gernikako ekitaldiko irudi bat.

Etorkinen nazioarteko eguna izango da bihar, egunaren itzalean asko dira pertsona migratzaileek eta errefuxiatuek bizi duten egoera salatzeko egindako ekimenak.

Busturialdeko Harrera Taldeak adibidez, errefuxiatuek eskualdean bizi duten egoera salatzeko agerraldia egin zuten atzo goizean Gernika-Lumoko batzarretxe ondoan.

Urriaren 13an Gernika-Lumora etorritako errefuxiatuei beraien oinarrizko beharrizanak asetzeko, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Eztena, Astra eta Arrano Kultur Elkarteak eskualdeko herritarrekin batera, egindako elkarlana txalotu zuten. «Janari eta arropa bilketak egin ditugu, eta Bloke Laranjako etxebizitza bateko logelak eta sukaldea egokitu ditugu lagun errefuxiatuekin batera», adierazi zuten.

Une hunkigarriena, baina, harrera taldekoei beraien esker ona erakutsi eta Gernikako bonbardaketako biktimei euren errespetua erakusteko errefuxiatuek ezpata dantza egin zutenekoa izan zen. Gernikako arbola zaharraren aurrean egin zuten aurrez ikasi eta entseatutako dantza.

Zehazki, loreak eskainita Josefina Redondori egin zioten omenaldia. Redondok 8 urte izan zituela bizi zuen Gernikako bonbardaketa, eta bere familiarekin batera Estatu frantsesera ihes egin behar izan zuen.

Busturialdeko Harrera Taldekoek jakitera eman dutenez, eskualdeko udalerriei errefuxiatuen gaia lantzeko bide orria helarazi diete. Horrekin, «gaurtik aurrerako elkarlana josteko» asmoa dute taldekoek.

Datorren astean, abenduaren 22an, kalejira zaratatsua antolatu dute.