NAIZ+

EHZ jaialdia, bizirik eta berrituta

Baionako Zizpa Gaztetxean antolatutako biltzar nagusian EHZ festibalari eustea erabaki zuten aho batez. Ekaineko azken asteburuan egingo dute, erabakitzeke den herri batean.

topatu
topatu

EHZ jaialdia berrikuntzekin dator, baina ohiturari eutsiz, ekaineko azken asteburuan izanen da. Larunbatean erabaki zuten, Baionako Zizpa gaztetxean egindako biltzar nagusian.  Festibalaren kokalekua oraindik zehaztu ez duten arren, landa eremua alboratu eta herri batera eramango dutela iragarri zuten.

EHZ jaialdiaren geroa zalantzan bazegoen ere, antolaketa eta edukiaren proposamenari baiezko zabala eman eta aurrera jarraitzeko indarrak hartu ditu EHZ jaialdiaren prestaketa bere gain hartu duen lantalde berriak.

Ekaitzek eta arazo ekonomikoek kinka larrian jarri dute jaialdiaren etorkizun. Bi urteko trantsizioaren ostean, baina, 1996an jaiotako festibala eutsi eta eraberritu egingo dute aurten.

Jaialdia non ospatuko duten, ordea, ez dute oraindik erabaki baina argi dute orain arteko lekuari ez diotela eutsiko. Orain artean Lekornen egiten dute, zelai handi batean. Aurten, ostera, Ipar Euskal Herriko beste herrietara zabaldu nahi dute eta herri batean kokatu nahi dute, herriak berak eskaintzen dituen baliabideak profitatzeko. Orain aukera desberdinak aztertzen ari dira.

EHZ jaialdian zer ikasi eta zer eztabaidatu izanen dute, izan ere, festibalaren bi zutabe nagusiak kultura eta politika izango dira, eta «horrek esan nahi du eduki politikoa izango duela gazteen formakuntzarako» adierazi zion Irati Fernandez antolatzaileak GARAri. Horretarako saio batzuk prestatuko dituzte festibalean bertan «gaiak lantzeko, eztabaidatzeko eta geure buruak adierazteko». Eskaintza kulturala «zabala eta alternatiboa» izango da eta kontzertuak edo antzerkia bezalako emanaldiek osatuko dute egitaraua.

Topatu gazte proiektu komunikatiboa biltzarrean izan zen eta bertan grabatu zuen erreportaje hau.