NAIZ+

Urriaren 1eko poliziaren kargak, Auzitegi Gorenaren fatxadan

Epaiketa hasi baino ordu batzuk lehenago, urriaren 1eko Kataluniako erreferendumean izandako karga polizialak ikusi ahal izan dira Auzitegi Gorenaren aurrealdean bertan proiektatu duten bideo baten bidez.

Auzitegi Gorenaren aurrealdea gaur gauean.
Auzitegi Gorenaren aurrealdea gaur gauean.

Urriaren 1eko erreferenduma antolatu eta Kataluniaren independentzia aldarrikatu zuten buruzagi independentisten aurkako epaiketa abiatuko da gaur Espainiako Auzitegi Gorenean. 

Akusatuen galdeketei ekin aurretik, kausa baliogabe uztea eskatuko dute defentsako abokatuek; besteak beste, eskubideen urraketa eta inpartzialtasun eza alegatuz.

Epaiketa hasi baino ordu batzuk lehenago, urriaren 1eko erreferendumean izandako karga polizialak ikusi ahal izan dira Auzitegi Gorenaren aurrealdean. Bertan proiektatutako bideoan, herritarrak zaurituta, kolpeak non nahi eta hautestontzien ehiza ikusi ahal izan dira. Kataluniar askoren buruetan iltzatuta geratu diren irudiak ziren nagusi, «Spanish democracy» lelopean.

Proiekzioa nork egin duen ez dakigun arren, Kataluniako Errepublikaren Babeserako Batzordeek (CDR) zabaldu dute sare sozialetan ekintza. Babes zabala jaso du sarean bideoak.

Oriol Junqueras presidenteorde ohia, Carme Forcadell Parlamentuko presidente ohia, Raul Romeva, Jordi Turull, Joaquim Forn, Dolors Bassa, Meritxel Borras, Carles Mundo eta Santi Vila kontseilari ohiak, Jordi Sanchez ANCren buruzagi ohia eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea eseriko dira akusatuen aulkian.

Fiskaltzak 7 eta 25 urte urte arteko kartzela zigorrak eskatu ditu akusatuentzat, «matxinada eta desobedientzia» delituak egotzita eta dirua bidegabe erabiltzearren. Estatuko abokatutzak, baina, 7 eta 12 urtera murriztu du zigorra, matxinada beharrean «albaramendua» leporatuz. Defentsak ostera, guztien absoluzioa galdegiten du.

Epaiketa zuzenean jarraizteko eskaintzen du NAIZek, hemen.