NAIZ+

Sumina eta samina ixten ez den Altsasuko zaurian

Epaia ezagutu orduko haserrea eta amorrua zabaldu da Altsasun eta Euskal Herrian. Sare sozialak ere sumindura horren postontzi izan dira.

Altsasun egindako mobilizazio bat. (Endika PORTILLO/FOKU)
Altsasun egindako mobilizazio bat. (Endika PORTILLO/FOKU)

Auzitegi Nazional espainolaren Apelazio-Salak berretsi egin ditu Altsasuko gazteen kontrako 2 eta 13 urte arteko espetxe zigorrak. Epaiak terrorismo delitua baztertu duen arren, autoritatearen kontrako atentatua egotzi die gazteei, «ideologia diskriminazioa» aldagai larrigarriarekin.

2016ko urrian, Altsasuko taberna batean bi guardia zibili eta beren bikotekideei eraso egitea egotzita, Auzitegi Nazionaleko lehenengo sekzioak bi eta 13 urte arteko espetxe zigorrak ezarri zizkien. Zigor horiek ontzat jo ditu orain auzitegiak, epaiari aurkeztutako helegiteak aztertu ostean. Soilik Iñaki Abaden zigorra moldatu du, haren aurkako zigorra sei urtera murriztuz.

Epaia ezagutu orduko haserrea eta amorrua zabaldu da Altsasun eta Euskal Herrian. Sare sozialak ere sumindura horren postontzi izan dira. 

Euskal Herriko mugak gainditu ditu Altsasuko gazteekiko elkartasunak.

Norbanakoez gainera, zenbait eragile eta mugimenduk ere sareetan erakutsi dute epaiarekiko kontrakotasuna.

Epaia ezagutu ostean, Twitterren Estatu espainoleko hamar Trending Topic-en artean,-gehien erabilitako hitzen artean,  hiru ziren epaiaren ingurukoak: #Alsasua, la Audiencia Nacional eta #AltsasukoakAske, zehazki.

2016ko urritik hamaika izan dira Altsasun eta Euskal Herrian egin diren mobilizazio eta protestak. Egunotan, Altsasuko herriak ospatzen dituen inauterietan, momotxorroek ere galdegin zuten gazte hauen askatasuna.