Oihana Llorente

Mundu bat euskararen alde

Lesbos, Sri Lanka, Boise, Kaledonia Berria edo Txinako Harresia. Euskarak ez du mugarik eta hala frogatu du Korrikaren 21. edizio honek. Izan ere, ez Euskal Herrian bakarrik, munduan ere badira gure hizkuntzaren alde korrika egiteko prest dauden zoro zoragarriak.

kaledonia
kaledonia

Sri Lankako bizilagunak izan ziren munduan lehenak lekukoa altxatu eta korrika abiatzen. Passikudah zonaldean egindako Korrika ikusi daiteke bideoan. 2018ko udan egin zuten, baina, Korrika abiatu baino egun batzuk lehenago partekatu zuen AEK-k bere Youtubeko kanalean.

Martxoaren 30ean zuten euskararen aldeko hitzordua Boisen. Bertako Euskal Museoak, Boiseko Ikastolak eta Boise State University-ko Euskal Ikasketan eta Euskara eta Euskal Kultura irakurletza sailek sustatu zuten bertan diren euskaldunak biltzeko asmoa zuen egitaraua. Unibertsitateko ikasleak, ikastolako umeak eta gurasoak, museoan euskara klaseak hartzen dituzten ikasle eta irakasleak bildu ziren Korrikan. Bertan jasotako diruarekin gainera, Euskal Museoak eskaintzen dituen euskara klaseak diruz lagunduko dira.

Hitzordura joan aurretik, baina, Boiseko ikastolako umeek beroketa gisa euren Korrika propioa egin zuten.

Gastronomia eta elkartasunak bat eginda, munduko txoko ezberdinetan errefuxiatuentzat jaki duinak eskaintzen dituen Zaporeak egitasmoak Lesbosera eraman du aurtengoan Korrika. Elkarte solidario honek ez ditu bere sustraiak ahazten eta dagoen tokian egonda gogoan du gure herria eta hizkuntza. Ikusi bestela antolatu zuten Korrika zaporetsua.

Korrika eta euskara Txinako harresiraino iritsi dira aurtengo edizioan. Zenbait ezpeletarrek eraman zuten euskararen aldeko lasterketa haraino, bertako eta turisten harridurarako.

Dudarik gabe, Kaledonia Berritik iritsi zaigun bideo eder hau da izan da munduan egindako ekimen izarra. Kanakiar hizkuntzen alde lanean ari diren elkarteekin batera antolatu dute Korrika Ozeaniako irla honetan. Arineketan ibili ostean, hip hop eta Euskal Herriko eta bertako dantza tradizionalak nahasiz ikustaldi aparta eskaini zuten.

Mexikora ere heldu da Korrika eta Citlaltépetl-eko Babes Etxean egin zen, ‘La Jornada’ egunkariak berak jaso du haren berri. Etxepare institutuari esker Mexikon euskara ikasten ari diren ikasleek egiten dituzte lasterketaren antolaketa lanak.

Korrikak goiz xamar zeharkatu zuen Paris. Sustraiak Erroak Elkarteak antolatuta, Korrikaren 21. edizioa martxoaren 23an egin zuten Estatu frantsesaren bihotzean. Peto moreak soinean eta ikurrinak eskutan hamarnaka lagun aritu ziren euren erritmora euskararen alde.

Mont de Marsan espetxean preso dauden euskal preso politikoak ere gure hizkuntzaren aldeko lasterketa honetan presente egoten saiatu dira. Zehazki, ‘Korrika laguntzaile’ egin dira Mont de Marsanen preso dituzten EPPK-ko kideak eta modu horretan espetxetik ekarpena egin nahi izan diote Korrikari.

‘Korrika laguntzaile’ izatez gainera, ziur gara Estatu frantseseko zein espainoleko espetxeetako patioetan kilometro mordoa egingo zituztela egunotab korrika, bertan preso dituzten euskal herritarrek.

Korrika ere iritsi da Portugaleko eta Estatu espainoleko hiriburuetara. Lagun andana elkartu ziren Lisboan eta Madrilen euskararen alde.

Madrilera pasa den apirilaren 6an heldu zen euskararen aldeko Korrika, Linguas Ceibes eta Euskatuak elkarteen eta bertako Euskal Etxearen eskutik.

Valentziara ere heldu zen Korrika pasa den asteburuan. Laurak Bat eta Euskaltzaleok Euskal etxeen eskutik heldu zen eta aurten, Pilar Plazara itzuli da euskararen aldeko lasterketa. Egun osoko egitarauarekin ehunka pertsona hurbildu zen egun osoan zehar. Dantzariak, herri kirolak, euskal musika eta marmitako herrikoiaz gozatzeko beta izan zuten.

Eta, nola ez, korrika egiteko aukera ere izan zen. Velluters auzora iritsi da euskararen alde, salto eta brinko.

Kanadara, Argentinara, New Yorkera, Txilera edo Sidneyra iritsi da ere Korrikaren mezua eta jakin dakigunez, gutxienez 28 hiritan egin dira lasterketa erraldoiarekin lotura duen euskararen aldeko ekimenen bat. Etxepare Euskal Institutuaren unibertsitate sarearen baitan eta munduan barrena barreiaturik dauden Euskal Etxeak egon ohi dira egitarau berezi hauen atzean.

Berlinera ere heldu da euskararen aldeko lasterketa. Berlingo Euskal Etxeak eta Freie Universität unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurletza taldeak sustatu zuten ekimena. Arineketan ibiltzeaz gainera, festarako tartea izan zuten. Gauean, Clash tabernan, Zea Mays eta Berri Txarrak taldeen kontzertua izan zuten.

Nepalera ere iritsi omen da euskararen aldeko Korrika, hala eman du jakitera Twitterren Ane Urkiolak bideo honekin.

Bretoiak ere aritu ziren euskararen alde korrika; hauek, baina, gure artean aritu ziren arineketan. Ostiralean hartu zuten lekukoa Oiartzungo herrian, izan ere, Oiartzun eta Bretainiako Karaez herriak anaituak daude.

Bretoiak badute esperientzia Korrika moduko lasterketekin, izan ere, haiek ere bi urtetik behin Bretainia osoa korrika zeharkatzen dute, gau eta egunez, euren hizkuntza hauspotu eta plazaratzeko. Ar Redadeg du izena gure Korrika eredu hartuta Bretainian antolatzen duten herri lasterketak.

Bilboko Karmelo ikastolako ikasleak Saloun izan dira egunotan ikasbidaian eta bertaraino eraman dute euskararen aldeko lasterketa.