NAIZ+

Euskal dantzen eta Irlandako dantzen arteko lehia

Sare sozialetan arrakasta itzela izan du  Beskoitzeko Oinak Arin eta Gothery School of Dancing taldeen ikuskizun honek, bertan euskal dantzen eta Irlandako dantzen arteko lehia ikusi daiteke.

Terre et cote basques izena daraman Facebook perfilak zabaldu du bideoa. Pasa den ostegunean zabaldu bazuen ere, ez dakigu noiz grabatua izan den. Dakigun bakarra Beskoitzeko Oinak Arin eta Gothery School of Dancing taldeen ikuskizuna dela bertan ageri dena, hala argitzen dute bederen bideoarekin batera zabaldutako mezuan. Euskal dantzen eta Irlandako dantzen arteko lehia modukoa da ikusi daitekeena.

Arrakasta itzela eskuratu du ikuskizunak sare sozialetan. Izan ere, lau egunen buruan, hamarnaka iruzkin eta ia 2300 aldiz izan da elkarbanatua bideoa.

Beskoitzeko Oinak Arin

Lapurdiko Beskoitze herrian 1961ean sortutako taldea da Oinak Arin. Hala jasotzen du Dantzan.eus web orriak. Sei urtetik aurrerako dantzariak biltzen ditu taldeak, txikienek dantza eta musika tradizionala ikasten dute bertan eta 15 urtetik aurrerakoek, ostera, Lapurdiko inauteri-ohituretan parte hartzeko aukera dute. Izan ere, ohitura horiek Oinak Arin taldeak berak berreskuratu zituen Beskoitzen 1983an.

Euskal Herriko zazpi probintzietako dantzak aurkezten ditu ikuskizun ezberdinetan eta Dantzan.eus web orriak zehazten duenez,  lan sakona egiten du taldeak dantza eta musika teknikak landu eta kalitatezko jantziak agertzeko.

Euskal Herrian ez ezik, nazioarteko jaialdi anitzetan parte hartu izan dute, Suitzan, Errumanian, Turkian…