NAIZ

Arruazutik Izabara 170 kilometroko lasterkaldia bete du Aritz Ganboa artzainak

Erronka bete du Aritz Ganboa artzainak asteburu honetan eta Arruazutik Izabara eraman du Idiazabal gazta 170 kilometroko lasterkaldian. Larunbat goizean irten eta igande eguerdian heldu zen Izabara.

Aritz Ganboa eta Iker Karrera Izabara heltzen. (Amaelur).
Aritz Ganboa eta Iker Karrera Izabara heltzen. (Amaelur).

Aritz Ganboa Arruazuko artzainak Arruazu eta Izaba herriak lasterkaldian lotzeko erronka bete du astebubru honetan. ‘Bideak’ dokumentala proiektuaren baitan erronka honen bidez artzaintza eta horren inguruko ondarea, material zein ez materiala, balioan jartzea zuen helburu.

Gainean, Idiazabal gazta bat eraman du Ganboak, helmugan Erronkariko gazta batekin trukatzeko. Bi herrien arteko loturaren bidez, landa eremuko bizimoduaren eta hiriko bizimoduaren arteko zubiak eraiki nahian. Guztira, 170 kilometro eta 7.000 metroko desnibel metatuari aurre egin behar zion Ganboak.

Larunbat goizeko 08.00etan murgildu zen Ganboa bere erronkan Sakana Bizirik mendi taldeko beste dozena bat korrikalarirekin eta hasieratik bukaerara arte bidelagun izan duen Iker Karrera mendi korrikalariarekin. Arruazutik abiatu eta lehenengo geldialdia Aralarko San Migelen Santutegia izan zuten.

Madotz, Latasa, Goldaratz eta Zarrantz zeharkatu ondoren, eguerdirako heldu ziren Olaguera korrikalariak, espero baino ordubete lehenago. Iragin geldiunea egin eta hornidura puntua izan zen; Idiazabal Jatorri Izendapeneko artzainek egin zioten harrera Ganboari artzain baserri batean. Erritmoari jarraituz arazorik gabe iritsi ziren Bizkarreta-Gerendiainera, aurreikusitakoa baino azkarrago. Handik Aurizberri eta Auritzera bidea hartu eta Orbaitzetako Olan ziren korrikalariak gau sartzen hasi zenerako.

Bertako ‘Lorentxoina’ etxean egin zuten atsedena. Prestatzaile eta laguntzaileak masaje batzuk eman zizkieten eta salda beroa hartzeko aukera izan zuten Ganboak eta konpainiak. Behin berotuta eta deskantsatuta, 1.30ean berriro ekin zioten abenturari, oraingoan Iratiko oihanean barrena murgilduz.

Gaua Iratiko parajeetan zehar eman ondoren, igande goizeko ordu txikietan, 6.30ean, egin zuten Orhiko (2.017m) gailurra. Martxa politean ekin zioten jaitsierari eta, Larraulgo Tunela zeharkatuta, Lazako Bordara iritsi ziren goizean goiz. Erronkariko Bailaran, Uztarrotzen txalaparta doinuekin jaso zituzten eta azken kilometroak bereziki hunkigarriak izan ziren. 30 korrikalariren babesean heldu da Ganboa Izabara, joaldun kuadrila batek inguratuta.

Cipriano Barace Plazan, artzainari eskainitako monumentuaren ondoan, hainbat artzainek zubia egin zieten Ganboa eta Karrerari euren makilekin eta alfonbra gorri baten gainetik burutu zituzten azken metroak, jendetzak inguraturik. 170 kilometro egin eta gero, goizeko 11.00etan helburua bete zuen Ganboak: bera eta Idiazabal gazta Izabara iritsi ziren.

Dokumentala, 2020rako

Erronka osoan zehar ‘Bideak’ proiektuko lan talde oso bat gertutik jarraika izan dute korrikalariek. Uneoro ondoan zituzten fisioterapeuta, nutrizionista eta dokumentala grabatzen ziharduten kamerariak, besteak beste. Haiekin zegoen ere Iker Martinez, ibilbidearen arduraduna.

Gainera, erronka bukaerak bat egin du Enaren Jaiarekin. Lehenik, Idiazabal gazta Erronkariko eta Ossau-Iratyko gaztekin trukatu zuten helmugan eta ondoren bazkaria egon zen pilotalekuan. Arratsaldean, aldiz, parte-hartzaile eta kolaboratzaile guztiek omenaldia jaso zuten eta Txema Goldaratz artistaren artelan bana banatu zitzaien. Arratsaldean zehar musika egon zen bertaratutako guztien gozamenerako.

Baina proiektua oraindik ez da bere amaierara iritsi. Hemendik aurrera ‘Bideak’ dokumentalari forma eman eta 2020an argia ikusiko duela aurreikusten da. Dokumentalean jasoko dira erronkaren bidez ezagutzera emanen diren istorio, protagonista, paisaia, soinuak…