NAIZ

Kirolariek euskara eta jarduera fisikoa sustatuko dute konfinamenduan

Goi mailako hainbat euskal kirolari hasi dira konfinamendu garaian euskarazko jarduera fisikoa sustatzen, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako ‘Euskal Kirolari’ programaren bidez, euskarazko bideo sorta bat argitaratuz. Nafarroan ere, Osasunako jokalariak ausartu dira euskarazko abestiekin.

Goi mailako aholku horiek Euskal Kirolariren sareen bidez jaso ahal izango dira. (@Irekia)
Goi mailako aholku horiek Euskal Kirolariren sareen bidez jaso ahal izango dira. (@Irekia)

Ibai Gomez (Athletic Club) eta Luca Sangalli (Reala) futbolariek, Mikel Landa (Bahrain McLaren) txirrindulariak, Leticia Canales Basque Teameko surflariak edota Nerea Perez arraunlariak aholkuak emango dizkiete herritarrei konfinamenduan zehar sasoi fisikoa mantendu ahal izan dezaten.

Ekimenak «Covid-19ren hedapenaren ondorioz ezarritako konfinamenduan zehar jarduera fisikoa euskaraz egiteko baliabideak» eskaini nahi ditu, izan ere, «orain arte horrelako material gutxi zabaldu da euskaraz».

Gainontzeko herritar guztiek bezala, goi mailako kirolariek beren ohiko jarduera eten behar izan dute eta beren entrenamendua egokitu behar izan dute. Konfinamenduak irauten duen bitartean, ohiko entrenatzeko tokia utzi eta eremu mugatuagoetan ekin beharko diote beren eguneroko saioari.

Hala, egun horietan nola entrenatzen duten erakutsiko dute profesional horiek, eta herritar guztien eskura dauden ariketa batzuk gomendatuko dituzte, osasunean eta jarduera fisikoan adituak direnek konfinamenduak irauten duen bitartean ariketa fisikoa egitearen garrantzia nabarmentzen baitute.

Goi mailako aholku horiek ‘Euskal Kirolari’ren sareen bidez jaso ahal izango dira (Instagram, Facebook eta Twitter).

Saioak Iñi Vicens fitness prestatzaileak, Odei Jainaga xabalina jaurtitzaileak eta Julen Goia Ordizia Rugby taldeko jokalariak osatuko dituzte. Gainera, Lide eta Amaia Erbina, Espainiako errugbi selekzioko jokalariek; Xabier Osa, crossfiteko kirolariak; Esther Fernandez, yogan adituak; eta Saioa Agirre gimnastak ere parte hartuko dute.

Bestalde, Asier Garcia, aulki gurpilduneko saskibaloi jokalaria; Ibon Larrinaga, boxeolaria; Ondiz Lekubarri, arraunlaria; eta Ander Romarate, Eibarreko futbol inklusiboko entrenatzailea beste kirolari batzuei erronka botatzen ere ausartuko dira, egun hauetan nola entrenatzen diren jendaurrean erakusteko eskatuz.

Kirol munduan eta bereziki gazteen artean euskara sustatzea helburu duen ‘Euskal Kirolari’ egitasmoan kokatzen da ekimena eta hori lortzeko teknologia berriak eta kirol munduan erreferentzia diren pertsonen erakargarritasuna erabiliko dituzte. Material hori, gainera, sare sozialetan zabalduko da, kirol eskola eta kirol federazioen bidez.

Osasunako jokalariak, dantzan

Bestalde, Ruben Garcia eta Nacho Vidal Osasunako jokalariek EiTBk haurrentzako prestatu duen bideo batean parte hartu zuten aurreko astean.

Bideoan bi jokalariak euskaraz kantatzen ikus daitezke, neska-mutilak euren etxean konfinatuta dauden egun hauetan dantza egitera animatuz.

Ez dute batere gaizki egiten, baina garrantzitsuena animo mezu hori haur guztiei zabaltzea da, une honetan dibertitzen jarrai dezaten.