Idoia ERASO
BAIONA
Elkarrizketa
IBAI AGIRREBARRENA
JAUZIA ETA BISAIAK PROIEKTUETAKO SORTZAILEA

«Memoria kolektiboa eraikitzen jendeak parte hartzea da xedea»

Gazte bidaxundarrak Zientzia Politikoen lizentziatura egin zuen Lyonen, «Euskal Nazionalismoa XX. mendean» eta «Multimedia komunikazioa» masterrak Euskal Herriko Unibertsitatean. Aitzina gazte taldeko kidea izan zen eta irratian kazetari lanetan ere ari da.

Jauzia eta Bisaiak, memoria historikoa ezagutzera emateko xedearekin, eskutik hartuta doazen bi proiektu dira. Bien sorreran egon da Ibai Agirrebarrena, eta horien nondik norakoak aurkeztuko ditu gaur Baionan. Militante ezberdinen testigantzak biltzen diren “Bisaiak: Jauziaren aurpegiak” dokumentala izanen da gaualdiaren muina, azaroaren 20an Hazparneko Zinegin festibalean estreinatu baino lehen. Ondoren Euskal Herri osoan ezagutzera eman nahi dute.

Lehen pausoa Jauzia proiektua izan zen, zer da?

Duela hamar bat hilabete hasi zen, eta helburua da ekarpen bat egitea Euskal Herriko gatazka politikoaren memoria kolektiboari. Gai zehatz batetik heltzen diogu, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, gatazka odoltsuena zen momentuetan, sozializazio arrunteko pertsona batzuek, Errepublikako seme-alabak, erabaki zuten gatazkan parte hartzea. Egin zituzten ekintza zinez gaitz batzuk, eta konpromiso maila handikoak. Jauzia-k nahi du horien ibilbidea eta biografia aztertu.

Hiru testigantza daude. Lehenik badira Beñat eta Philippe, bi lagun, La Santeko kartzelan ezagutu ziren, biek ETA erakundearekin lotura zutelakoan. Bestalde, Dominika Mendiboure bidaxundarra, bere lotura Euskal Herriarekin euskara izan da, eta horrekin du hurbiltasuna sentitu nazio askapenarekin. Azkena, Erbina Zubillaga familia da, Landetan bizi dena. Ezaguna egin zen hainbat material atzeman baitzen haien zuloan.

Horiek jadanik ezagutzera eman dituzu.

Hiru multimedia artikulu dira, Zuzeu.eus atarian, testua, bideoa, soinua eta irudiak biltzen ditu. Gaian eta pertsona bakoitzaren sakontzeko dira. Orain beste formatu batera goaz, arinagoa, ordubeteko dokumentala.

Nolakoa da dokumentala?

Oraingoan baditugu bost testigantza. Lehen hirurez gain, beste bi pertsona ere badira, Graxi Etxebehere, duela gutxi atxilotua izan dena bere etxean errefuxiatuak zituelako. Ortzaizekoa da bera. Bestea Michel Combes da, Pariseko Txalaparta irratia mantentzen zuena, presoekin lotura egiteko baliagarria den irratia, hain zuzen.

Dokumentalean, lehenik interesatzen gara pertsonez: lana, haurtzaroa, hizkuntza... Ikusten dugu nola hurbiltzen diren euskal gatazkara, ondoren zer egin zuten zehazki eta bukatzeko zergatik erabaki zuten pauso hori ematea. Zinez pertsonalizatu dugu, gizarte osoa hunkitu duen gatazka politikoaren errealitatea saiatu gara testigantza pertsonalen bidez islatzen.

Gehitu ditugu tarte artistiko batzuk ere, dantza antzematen ahalko da, soinu aldetik sorkuntza batzuk izango dira, eta literatura ere bai. Nahi izan dugu zerbait pragmatikoa edo konkretua, edukia mamitzeko, eta horri gehitu nahi izan diogu sorkuntza bat, begiratzeko erraza izan dadin.

Hastapenetik nahi izan dugu atera gatazkari lotua den ikuspegitik, zurruntasun zorrotzetik. Jauzia-ko lehen afixan, ballet dantzari batek jauzi egiten zuen, zerbait berria proposatzeko, eta gazteak ere hurbiltzeko.

Zein da Bisaiak eta Jauziaren arteko ezberdintasuna?

Jauzia proiektua pertsonala da, horrela hasi bainintzen, orain elkarte bat sortu nahi dugu Bisaiak izenarekin. Bertan jada lauzpabost pertsona ginateke lana dimentsio handiagoan lantzeko. Bien arteko lotura egiteko, dokumentalaren izena “Bisaiak, Jauziaren aurpegiak” da.

Bisaiak.com webgunea egiten ari zarete, tresna garrantzitsua izanen da proiektuarentzat.

Bai, martxoan hirugarren pauso bat emanen dugu. Lehen hiru artikuluak ezarriko ditugu, modu interaktiboan, eta gero beste bi multimediak gehituko ditugu.

Bertan bi txosten izanen dira: teknikoa eta teorikoa. Teorikoan esplikatzen dugu nola egin dugun testigantza horiek biltzeko, zein perfil bilatu dugun, zein garairi begiratu diogun... Teknikoki: zein kamera erabili dugun, zein kalitaterekin, argiztapena, zein formatutan...

Bi horiek denen esku emanen ditugu, denek egin ditzaten testigantza bilketak gure laguntzarekin, edo gure laguntzarik gabe, eta denek izan dezaten aukera gure webgunearen bitartez ere, dena publikatzeko. Zinez interaktibitate hori sortu nahi dugu gizartearekin, parte-hartze masiboa. Gaiari dagokionez, ikuspegia ere zabalduko dugu. Gure helburua da jendeak parte hartzea ahal bezainbat Euskal Herriko memoria kolektiboa eraikitzen.

Itzulpenak euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez egin nahi dituzue.

Zailtasun ekonomikoengatik ezin dugu nahi dugun guztia egin, oraingoz zentratu gara euskaraz eta frantsesez egitean. Orain ari gara espainolera itzultzeko bideak aurkitzen, Euskal Herriko itzulia egiten hasiko garelarik bertsio hori izateko.

Crowdfunding kanpaina egin zenuten ekainera arte 3.500 euro bilduz.

Crowdfunding kanpainako dirua baliatua izan da. Orain gehiago behar dugu, horregatik antolatu dugu gaurko gaualdia, Peireman eta Last Fair Deal taldeen kontzertuekin. Jendeak gure lana sostengatu nahi badu gure kontu korrontearen zenbakia webgunean da, “Lagundu” sailean antzematen ahal da.