
‘Le Monde’ egunkariaren arabera, Michele Alliot-Marie (MAM) Donibane Lohizuneko alkate ohi eta Barne, Defentsa eta Justizia ministro izandakoaren eta bere aita Bernard Marieren –Biarrizko alkate eta diputatu ohia– etxeak ditu Polizia frantsesak, diru funtsen desbideratzeagatik Nanterreko auzitegiak abiatu zuen ikerketaren baitan.
Zehazki, Alliot-Mariek Neuilly-sur-Seine hirian duen etxea eta bere aitak Donibane Lohizuneko Chantaco auzoan duena miatu dituzte, baina ez ministro ohiak Ziburun duena.
Iturri judizialak aipatuz egunkari horrek dioenez, Alliot-Marie diru funtsen desbideraketaren onuraduna izan zela frogatuko luketen agirien bila aritu da Polizia. Epaileak uste du MAM luxuzko hotel baten bidez dirua eskuratu zuela.
Donibane Lohizuneko Herriko Etxea ere miatzekotan direla zabaldu du ‘Le Monde’k, baina Kazeta.infok jakin duenez, ez dute egin. Herriko kontseiluak hartutako erabakien kopiak eskatu ditu epaileak; 23.000 eta 25.000 euroren inguruko erabakiak dira akta publko horiek.
Alliot-Marieren bozeramaile lanak egiten dituen ilobak azaldu duenez, miaketak ez du luze jo eta alkate eta ministro ohia «oso lasai» dago eta «oso pozik hau gertatu delako, izan ere ez baikenuen auzi honen berririk duela zeinbat hilabetetako izenburu handietatik». «Espero dugu prentsak kasu berbera egingo diola auzia baztertzen denean», erantsi du.
‘Le Parisien’ek zabaldu zuenez, 2010etik 2012ko bukaera arteko epea ari da ikertzen Nanterreko epaitegia eta desbideratutako diru kopurua 200.000 eurokoa izango litzateke. Diru zuritzearen aurkako egiturara egindako salaketa baten ondorioz abiatu zen ikerketa, hain zuzen ere, Donibane Lohizuneko Chantaco hotela eta turismo bulegoari lotutako elkarteek izandako diru mugimendu susmagarriak tarteko. Lapurdiko hainbat elkarte lirateke kaltetuak.
Peyuco Duhart Donibane Lohizuneko alkateak agerraldia eskainiko du arratsaldean.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

Fermin Muguruzak Anoetan eskainiko duen kontzertuko ordutegiak iragarri ditu

Erreakzio soka luzea eragin du Pepe Mujicaren heriotzak, baita Euskal Herrian ere

Vamo arriba, Pepe
