Egun bakarrean Myanmarreko kolpearen aurkako protestetan 38 hildako izan direla salatu du NBEk

Myanmarreko junta militarraren aurkako protestetan beste 38 pertsona hil direla salatu du Nazio Batuen Erakundeak, otsailaren 1ean Armadak boterea hartu zuenetik izan den «egunik odoltsuenean». 

Polizia arma batekin apuntatzen Myanmarreko kolpe militarraren aurkako manifestazio batean. (STR/AFP)
Polizia arma batekin apuntatzen Myanmarreko kolpe militarraren aurkako manifestazio batean. (STR/AFP)

Gutxienez 38 pertsona hil dira Myanmarren asteazken honetan junta militarraren aurkako protestetan, Christine Schraner Burgener Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren ordezkari bereziak salatu duenez.

Schranerrek prentsaurrekoan adierazi du otsailaren 1ean Armadak boterea hartu zuenetik izan den «egunik odoltsuena» dela, eta guztira 50 hildako baino gehiago izan direla dagoeneko, «zauritu asko» gehitu beharko litzaizkiekela gaineratuz.

Tokiko elkarte eta hedabideek salatu dutenez, segurtasun indarrek benetako munizioa erabili dute Myanmarreko hiri nagusietako kaleetan egin diren manifestazioak sakabanatzeko.

Hala, azaldu dute manifestariek Aung Suu Kyiren aurreko Gobernuko buruzagiaren eta Win Mynt presidente ohiaren askatasuna eskatu dutela.

Azken egunotan errepresioa areagotu egin da, nahiz eta Junta Militarrak protestak sakabanatzeko benetako munizioa erabiltzeko agindua eman, eta 1.200 atxilotu baino gehiago daude, ‘The Irrawaddy’ egunkariaren arabera.

Gaua iristearekin batera, ehunka lagun atera dira kalera Rangungo hainbat auzotan kandelak eramanez eroritakoei ohore egitera, ‘Frontier Now’ egunkariak jakitera eman duenez.

Agerraldian, NBEren ordezkariak esan du datorren ostiraleko Segurtasun Kontseiluan zigorrak onartzea espero duela, Txinari eta Errusiari helarazitako mezu batean; izan ere, horiek ebazpen bati betoa jarri zioten organoaren azken bileran.

«Ez da barne kontu bat, eskualde osoari eragiten dio», adierazi du Schranerrek, eta azken urteetan egoera hori «gerta zitekeela» ohartarazi du, «botere egiturak edozein erreforma zailtzen zuelako».

Horren esanetan, Demokraziarako Liga Nazionaleko Gobernuak erreforma asko egin nahi zituen, eta horrek eragin du militarrek kolpea hartzeko erabakia hartzea, «boterea dutelako eta ez dutelako galdu nahi».

Birmaniako krisia asteartean izan zen Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Elkarteko (ASEAN) Atzerri ministroen bilerako ardatza izan zen, eta egonkortasunerako deia egin zuten, baina NBEko Segurtasun Kontseiluak ere aztertuko du gaia, ostiralean, ateak itxita, DPA agentziaren arabera.