NAIZ

Israelgo espetxe batetik ihes egin zuten sei preso palestinarretako bi atzeman dituzte

Israelgo segurtasun handiko espetxe batetik astelehenean ihes egin zuten sei preso palestinarretako bi atxilotu egin dituzte, Poliziak aditzera eman duenez.

Ihes egin zuten sei preso palestinarren argazkiak Belen herrian. (Ahmad GHARABLI/AFP)
Ihes egin zuten sei preso palestinarren argazkiak Belen herrian. (Ahmad GHARABLI/AFP)

Israelgo Gilboako segurtasun handiko kartzelatik ihes egin zuten joan zen astelehenean bizi osorako zigorra betetzen ari ziren sei preso palestinarrek, lurrazpian eginiko tunel bat baliatuta. Ordutik haien bila zebiltzan Israelgo Armada eta Polizia eta azken egunotan bilaketa azkartu eta Gaza eta Zisjordaniarako sarbide guztiak inguratuta izan dituzte. Poliziak ohar batean jakinarazi duenez, presoetako bi atzeman dituzte gaur arratsaldean Nazareth herrian. 

«Iparraldeko barrutiko Poliziaren agenteek ihes eginda zeuden presoetako bi atxilotu dituzte duela gutxi», adierazi du segurtasun indarren bozeramaileetako batek, beste xehetasunik eman gabe. Palestinar Agintaritzaren arabera, Mahmud al Arida eta Yakoub Qadiri dira bi atxilotuak, biak ere Jihad Islamikoa erakundeko kideak.

Iheslarietako gehienak «terrorismoa» leporatuta biziarteko espetxealdira zigortu zituzten Israelgo epaitegiek eta «oso arriskutsutzat» jotzen zituzten.

Mendekua preso eta senideen aurka

Ihesaldiari erantzuteko Israelek preso palestinarren eta haien senideen aurkako zigor kolektiboa jarri zuen martxan eta mendekua haiengana zuzendu zuen.

Horrela, palestinarrak preso dituzten kartzeletan tentsioa areagotu egin da eta jipoiak, miaketak, murrizketak, isolamenduak eta lekualdatzeak izan dira, Armadako unitate berezien interbentzioarekin. Horrekin batera, Jihad Islamikoko kide diren 400 preso inguru sakabanatu egin ditu espetxe desberdinetan. Ihes egin zutenetako bost preso erakunde horretakoak dira.

Gainera, iheslarien senide ugari ere atxilotu dituzte.