NAIZ

Zornotzako Munarri gaztetxea hustu eta bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak

Ertzaintzak Zornotzako Munarri gaztetxea hustu du eta hondeamakina batek eraikina eraitsi du ostegun honetan, goizean. Bertan familia bat bizi zen, eta etxegabetu egin dute. Gutxienez bi atxilotu izan dira.

Zornotzako munarri gaztetxea desalojatu du Ertzaintzak. (Munarri Gaztetxea)
Zornotzako munarri gaztetxea desalojatu du Ertzaintzak. (Munarri Gaztetxea)

Ertzaintzak Zornotzako Munarri Gaztetxea desalojatu du ostegun goiz honetan. Eraikina, aspaldidanik hutsik zegoen jauregia, 2020ko uztailean okupatu zuten Zornotzako gazteek, herriko gazteen problematikei erantzuteko asmoz.

Aurtengo apirilean, Zornotzako udaltzainak eta ertzainak eraikina husten saiatu ziren, epailearen agindu batekin. Baina, desalojoa geldiarazi behar izan zuten, eraikinean errefuxiatu-familia bat bizi baitzen, 3 haur txikirekin.

Hala ere, eraikinaren jabeak berriro eskatu zuen gaztetxea husteko, eta ostegun honetarako finkatu zuen epaitegiak desalojoa.

Azken asteetan gaztetxeko kideek hainbat ekimen egin dituzte Munarri defendatzeko asmoz, eta atzo iluntzen manifestazio jendetsua egin zuten Zornotzako kaleetatik.

Gaur goizean, Ertzaintzako agenteek gaztetxe desalojatzera joan dira eta gutxienez bi pertsona atxilotu dituzte eta beste sei identifikatu. Eraikina hustu dutenean, hondeamakina bat agertu da eta eraikina eraisten hasi da.

‘Anboto’ hedabidearen arabera, errefuxiatu-familiak bertan zegoen bizitzen oraindik.

Eraikina Forjarien jauregia da, historia handikoa. XX. mendeko industrializazio garaiko ikurretako bat da.

Euskal Herriko hainbat gaztetxe eta gazte asanbladek Munarri gaztetxeari eta atxilotutako gazteei elkartasuna adierazi diete.