Zigorra bururaino agortuta, aske da Iñigo Gutierrez Carrillo algortarra, Izadi umearen aita. Oso ezaguna da bere kasua, haurra gurasoengandik banatua izan behar zenean bere aldeko kanpaina luzea egin baitzen, batez ere bere herrian eta Burlatan (bertakoa da ama, Maria Lizarraga, hau ere euskal presoa).
Hirugarren gradua eskuratu zuen Iñigo Gutierrezek bere garaian, baina umeak hiru urte betetzerakoan kalera atera eta berehala espetxeratu zuen berriz Auzitegi Nazionalak. Aurtengo otsailean gertatu zen hori, Fiskaltzak hirugarren gradu horren aurkako helegitea aurkeztu izanaren ondorioz. Hori dela eta, bost hilabete gehiago egin ditu kartzelaratuta.
2008. urtean atxilotu eta espetxeratu zuten Gutierrez; guztira hamalau urte eman ditu espetxean.
Idoia Martinez eta Xabier Agirre
Honetaz gain, azken boladan kartzelatik kanpo zigorra betetzen ari ziren bi euskal presorentzat ere amaitu da kondena, Etxeratek baieztatu duenez: hilaren 7an Idoia Martinez Garciarena, baldintzapeko askatasunean zegoena, eta hilaren 15an Xabier Agirre Ibañez, hau ere egoera berean.
Martinezen kasuan guztira 25 urte egin ditu preso, lehenengo seiak Estatu frantsesean eta gainerakoak (2003. urtetik gaurdaino) espainolean.
Presoen kopurua murriztuko duen beste albiste bat ere bada: Txus Martin Hernandori astearte honetan amaituko zaio kartzela zigorra. Kasu honetan etxean zegoen jada, gaixotasun larria izateagatik, espetxealdi arinduan.