Kontraesankorra izan arren, beste garaipen bat

Pariseko Auzitegi Korrekzionaleko 16. Salak Béatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Etxeberria Txetx-en aurkako epaia plazaratu zuen atzo. 2016ko abenduaren 16an Luhuson egindako polizia-operazioaren harira, bakearen aldeko artisauak errudun jotzen ditu, baina aldi berean ez die zigorrik ezartzen. Parisen iragan den apirilean egindako epaiketaren amaieran, euskal militanteen defentsak absoluzioa eskatu zuen, ETAren armagabetzearen aldeko ekimena «terrorismoa» zela esatea ulergaitza delako. Horrexegatik, artisauek ez zuten Parisen aurrean beren burua zuritu. Mixel Berhokoirigoin, Mixel Bergouinan eta Michel Tubiana hildako kideen izaera eta lana goraipatzearekin batera, egin zutenaren gaineko ardura osoa hartu zuten. Prokuradoreak, ordea, euskal militanteak kondenatzea eskatu zuen, baina «zigor leunak» ezartzea gomendatu zion auzitegiari. Iradokizun horren ondorio gisa uler daiteke atzoko epaia. Akusazioa bera estatu-estrategia baten parte zen bezala, epaia ere parametro beretan uler daiteke.

Jakina, Molle-Haran eta Etxeberria kartzelara ez joatea berri bikaina da. Lehenik eta behin, bidegabea litzatekeelako. Oraingoan, Estatua ez da euskal herritarrak zigortzera ausartu, artisauekin harremana izan zuten ordezkari guztiek era batean edo bestean beren ekinbidea babestu zutelako epaiketan. Egitateek ere euskal militanteen jokabidea indartu zuten: atxiloketetatik urtebetera, 2017ko apirilaren 8an, jendarte zibilaren eskutik armagabetzea azken muturrera eraman zen, Baionako egun historikoan.

Armagabetzea balentria kolektiboa izan zen, bakearen aldeko ekintza zoragarria, bakarra munduan, eta Ipar Euskal Herrian energia politiko emankorrak piztu zituena. Espainiar eta frantziar estatuek ez dute hau onartu nahi, beren jokabide historikoa kinkan jartzen duela ulertzen dutelako. Epai kontraesankor horrekin gertatzen den bezala, estatuen jokabide horrek beren posizioa ahultzen du. Aldiz, Luhusoko atxiloketatik eta epaiketaraino euskal militanteek erakutsi duten koherentzia, ziurtasuna eta argitasuna bakearen eta askatasunaren aldeko borrokentzat inspiratzailea izan da.

Bilatu