16 AOûT 2025 - 06:00h Marijaiari harrera beroa egiteko prest eta irrikan dago Bilbo Besoak zerura dituela Arriaga Antzokiko balkoira irten eta festa piztuko du Marijaiak Bilbon gaur arratsaldeko 19.00etan. Atzo arratsaldean jada jai-giroa nabaritzen hasia zen, eta konpartsek txosnei azken ukituak ematen zizkieten bitartean, hainbat kuxkuxero ibili ziren Areatzan. Konpartsek txosnei azken ukituak eman zizkieten atzo. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Asier Robles Bilbok bere aurpegirik alaiena erakusteko, orduak baino ez dira falta. Arratsaldeko 19.00etan, Arriaga Antzokiko balkoitik Marijaiak, Francis Diez pregoilariak eta Olatz Agirre txupinerak Aste Nagusiari hasiera emango diote: bederatzi egunetan zehar, musikaren, dantzaren, jolasaren, otorduen eta, batez ere, herritarren parte-hartze beroaren erdigune bihurtuko da Bizkaiko hiriburua. Atzo konpartsakideak haien txosnei azken ukituak ematen ibili ondoren, dena prest dago festa hasi ahal izateko. Izan ere, hori egiaztatzera joan ziren arratsaldean jaiak hasteko irrikan zeuden pertsona asko. Areatzatik barrena paseo bat eman, eta txosnetako aurtengo apainketa zein izango den asmatu nahian edo txosnaren batean lehen kaña zerbitzatuko zietelakoan ibili ziren. Hontzakena da kuxkuxero gehien erakartzen dituena; izan ere, bere irudimen handiko kritika zorrotz eta umoretsuak polemikak eragin ditu azken urteetan. Kaskagorriko dorretxoaren tamainak eta han urtero ibiltzen den Asterixek ere pizten dute ikusmina. Kaskagorri gazte konpartsaren txosna. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Galiar famatuek bezala, burua makurtu gabe, menderaezin eusten diete Bilboko konpartsek. Administrazioek gero eta zailtasun gehiago ezartzen dizkietela salatzeko eta horrela jarraituz gero jai herrikoi eredu hau kinka larrian geratuko direla ohartarazteko, ‘Txosnak. Gureak, denonak’ kanpaina bultzatu dute Euskal Herriko beste hainbat konpartsarekin eta jai batzorderekin batera, eta aldarrikapen honek txosnetako dekorazioan presentzia berezia izango du, arrosa kolorea baliatuz. Sinadura bilketa jarri dute martxan Txosnak.eus helbidean. «Txosnak ez dira soilik edariak eta bokatak zerbitzatzeko leku bat; espazio parte-hartzaileak dira, autogestioan eta borondatezko lanean oinarritzen direnak; jai herrikoien bihotza dira, gure nortasun kolektiboaren isla, eta proiektu kultural eta sozial askoren sostengu», dio Bilboko Konpartsak-ek. Eredu hori balioan jarri dute muntaketan egunak eman dituzten konpartsakideek. Aurten bero bortitzeko egunak jasan behar izan dituzte. Baina neke hori gaindituko dutelakoan eta jaiak bertan direla, «oso gogotsu» agertu dira azken egun hauetan. Satorrakeko konpartsakideak muntaketaren azken txanpan. (Marisol RAMIREZ | FOKU) «Honek sekulako lana dauka, eta polita da ikustea zure lana txupinazoarekin batera borobiltzen dela, larunbateko pregoia entzutean», adierazi zuen atzo NAIZ Irratiko mikrofonoan Jone Fernandez Algara konpartsako kideak. «Zure herriaren eta jai herrikoien alde egiten duzula sentitzen duzu, eta hori ikaragarria da», gehitu zuen Ander Aristondo Kaskagorri konpartsako eta programazio batzordeko kideak. Txosnen egitura muntatuta zegoela, atzo dekorazioari azken ukituak ematea baino ez zen falta. Horretan aurkitu genituen Aylen Marinero eta David Rosales, Txomin Barulloko kideak. «Lan gogorra izan da, baina nahiko arin egin ditugu muntatze lanak azkenean. Orain, lasai-lasai eta mimo handiz ekingo diogu dena dekoratzeari, gure aldarrikapen guztiei ikusgarritasuna emateko», esan zuten. Aste Nagusirako hiru gauza nagusi eskatu zituzten: «Txupinazo garbia, erasorik gabeko jaiak eta bilbotar guztiek ondo pasatzea». Laneguna Mekauen konpartsako txosnan. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Alde Zaharrean, atzo jada jai-giroa nabaritzen hasia zen, nahiz eta oraindik festazale baino turista gehiago egon. Tabernariak azken prestaketak egiten ari ziren: eskaerak jaso, taberna ordenatu... Barrenkale kalean, Luciano Berri tabernara sartu eta Lucia Saenz zerbitzariarekin hitz egin genuen. Nahiko lasai, dena prest zegoela esan zigun: «Egun batzuk daramatzagu eskaerak egiten eta dena prestatzen, gero, Aste Nagusian zehar, kaosa izan ez dadin». Jaietan lan egitea gogorra den arren, eta estutasun-uneak egon daitezkeen arren, barraren barruko aldean gozatzeko eta ondo pasatzeko uneak ere badaudela azpimarratu zuen.