01 DéC. 2025 - 21:10h Australiako 16 urtetik beherako gazteek ezin izango dute Instagram edo TikTok erabili Abenduaren 10etik aurrera, Australiako 16 urtetik beherako gazteek ezin izango dute Instagram, TikTok, Facebook eta Reddit sare sozialak erabili. Enpresek 32 milioi dolarreko isunak jaso ditzakete legedia ez badute betetzen. Australiako 16 urte beherako gazteek ezin izango dute sare sozialak erabili. (EUROPA PRESS) NAIZ Mia Bannister Australiako emakumeak tatuatuta darama bere semearen aurpegia, Ollie. Bere buruaz beste egin zuen gazteak, sareetan jasotako jazarpenaren ondorioz. Hori dela eta, amak buru-belarri borrokatu du sare sozialak debekatzen dituen lege baten alde. Abenduaren 10etik aurrera, 16 urte beherako gazteek ezin izango dute Instagram, TikTok, Facebook eta Reddit sare sozialak erabili, Australiako Gobernuak berretsitako lege baten ondorioz. «Lege hori, duela urte bat atzera ezarrita balego, Ollie ziurrenik bizirik egongo litzateke», deitoratzen du Ollieren amak. Olliek ziberjazarpena jaso zuen nerabezaroan. Horrez gain, anorexia sufritzen zuen, eta TikTok-en, Snapchat-en edo YouTube-n anorexiara bultzatzen zuten edukiak kontsumitzen zituen. Gaixotasunaren berri izan zuenean, sare sozialetara jo zuen. «Ez nekien zer nolako eragina izango zuen horrek», adierazten du mutilaren amak. «Ama ezkongabea nintzen, lanaldi osoan lan egiten nuen janaria etxera ekartzeko, eta ez nekien zeintzuk ziren erabiltzen zituen sareak, ez nekien ezta nola funtzionatzen zuten», gaineratzen du. Haren ustez, sare sozialak «eman geniezaiekeen armarik txarrenak» dira. Larrialdi-egoera Mission Australiak egindako inkesta baten arabera, Australiako nerabeen %97k sare sozialak erabiltzen ohi ditu egunero, eta ia erdiak hiru ordu edo gehiago pasatzen ditu sareetara konektatuta. Are, egunero hiru ordu baino gutxiago pasatzen zituztenek ongizate hobea erakusten zuten, ikerketaren arabera. Australiako Gobernuaren arabera, lege berri horrek ez ditu gazteak mundu digitaletik kanporatuko. Haien ustez, Internet erabiltzeko modua aldatuko da gazteengan. Haatik, enpresa teknologikoen aldetik, zalantzak sorrarazi dira erabiltzailearen adina baieztatzeko orduan. Are gehiago, enpresek kritikatu dute legea. Hain zuzen, hamar aplikazio, besteak beste, Pinterest, Roblox, LEGO Play edo Whatsapp ez dira legearen barruan sartuko. Hala ere, aurrerago sar daitezke. Kritikak Catherine Page Jeffery Sidneyko Unibertsitateko irakasleak ez du uste lege horrek zuzena denik Interneteko segurtasunerako: «Gazteei betoa jarri beharrean, nahiago nuke plataforma horietan segurtasun baldintza gehiago ezartzea». «Gazte askorentzat, sare sozialak funtsezkoak izan daitezke beren nortasuna osatzeko eta trebetasunak garatzeko», gaineratzen du. Esate baterako, Ava Chanel Jones 12 urteko neskatoaren adibidea jartzen du. Neska gazteak Instagram erabiltzen du erakusleiho gisa, ekintza askotarako: dantzak igotzeko edo arropa-markak sustatzeko. 11.400 jarraitzaile baino gehiago ditu Instagramen Ava Chanel Jonesek eta, horri esker, dirua lortzen du hilero, eta produktuak lortzen ditu debalde. Azaltzen duenez, lagunekin komunikatzeko erabiltzen du Instagram, baina ez ezezagunekin, haien mezuak beste karpeta batera bideratzen ditu, amak kudeatzen duena. Gauzak horrela, abenduaren 10etik aurrera, beste australiar gazte askoren bezala, utzi beharko dio Instagram erabiltzeari.