25 MAI 2025 MUSIKA The Delines (Jordi Vidal/Redferns | Getty) Gotzon Uribe Joan den otsailaren 14an, San Balentin egunean, Portland (Oregon, AEB) hiriko The Delines taldeak seigarren diskoa kaleratu zuen, Decor Records zigiluaren eskutik, “Mr. Luck & Ms. Doom” izenburuaz. Lan berri hau Vancouverko (Washington, AEB) Bocce estudioetan grabatu dute John Morgan Askew ekoizlearekin batera. The Delines taldea gaur egungo country-soul garaikidearen izen berezienetako bat bezala azaltzen zaigu. Amy Boone-ren ahots higatua buru dela, Willy Vlautin idazle eta konpositoreak osatutako letrekin eta Cory Gray kidearen hari eta metal moldaketekin, taldearen lan berriak badu baikortasuna transmititzeko sena, era berean gordina eta sentibera izanda. Disko berriaren etorria Dublin hirian kokatzen da. Bertan gau batean, Boone-k, ezbeharrak kontatzen dituzten abestiez nekatuta, bere kidea den Vlautin-i inor hiltzen ez eta ezer gaizki ateratzen ez den maitasun kanta bat egiteko eskatu zion. Proposamen haren emaitza diskoari izenburua ematen dion abestian dago. Hain zuzen, diskoa irekitzen duen soul balada bat, bizitzak bazterturiko bi pertsonen arteko maitasun istorio ezohikoa kontatzen du. Mr. Luck, gainbera etorritako eta etsita bizi den gaizkilea, eta Ms. Doom, depresioan murgilduta dagoen eta etxeko lanez arduratzen den emakumea. Amaiera zoriontsuz baina zalantzatiaz jantzita, kanta honek diskoaren tonua ezartzen du. Iheska doazen bikoteen, iruzurgileen eta ameslarien erretratua da, babesa bilatzen dutenak, beti amildegiaren ertzean. Diskoko 11 kantak -denak Vlautinek idatziak- AEBko alde sakonaren bineta narratiboak dira, motel zikinetan, hautsez jositako errepideetan eta taberna zuloetan bizi diren pertsonaiez beteak. Horren adibidea da “Her Ponyboy” kanta, adikzioetan murgildutako bi gazteren arteko maitasun istorio tragikoa. Boonek arnasa eteteko moduko malenkonia ukituz abesten eta kontatzen du, Grayren piano eta tronpetak abestia ehuntzen duten bitartean. “Left Hook Like Frazier”, lehen singlea, erritmo ia alaia duen abesti pausatua da, baina letrak lagun okerraren besoetan kontsolamendua bilatzearen arriskuez ohartarazten du. “Nancy & The Pensacola Pimp” eta “Maureen’s Gone Missing” kantetan mendeku eta desagerpen istorioak azaltzen dira, etsipenez eta era berean asaldatuta dabiltzan pertsonaiekin. Amaierako “Don’t Go Into That House Lorraine” abestian kezkati xuxurlatzen du, dena gal dezakeen emakume bati egindako abisuan. Sean Oldham (bateria), Freddy Trujillo (baxua), Vlautin (gitarra) eta Boonek osatutako taldeak soularen berotasuna eta alt-country estiloaren gordintasuna uztartzen dituen soinua ehuntzen du. Cory Grayren moldaketek 70eko hamarkadako filmen soinu bandak gogorarazten dizkigute, kutsu zinematografiko bat eskainiz. Diskoaren ekoizpenak Booneren ahots ederra gailentzen du. Diskoaren bihotza da. Esaldi bakar batean hauskortasuna eta duintasuna transmititzeko gai, Boonek istorio bakoitzari gizatasun hunkigarri bat ematen dio. (Mark Holloway/Redferns/Getty) The Brian Jonestown Massacre Joan den apirilean The Brian Jonestown Massacre taldeak single berria argitaratu zuen 10 hazbeteko binilo gorri gardenean. Bi urte kantu berririk plazaratu gabe igaro ondoren, lan honek San Frantziskoko taldea rock psikodelikoaren maisu gisa berresten du, folka, shoegaze estiloa eta 60ko hamarkadako doinu nostalgikoak uztartuz, oraindik fresko dirauten doinuak ontzen dituzte. Single honek taldearen nortasuna eta esentzia islatzen ditu. 30 urte baino gehiagoko ibilbide gorabeheratsua izan du taldeak. “Makes Me Great” abestiak folk-rock lisergikoa dakar gitarra akustiko eta erritmo lasaiekin. Bestalde, B aldeko “Out Of Body” kantuak gitarra distiratsuak, tempo aldaketa eta tronpeta ukituak ditu.