07 SEPT. 2025 KIROLA Itzuleran entrenatzen hasteko modurik onena (Getty) Markel Urrate Antia / Salto Training Badirudi abuztuan dena gelditu eta irailean zerotik hasten dela. Oporraldi garaian bizi ohiturak aldatu eta urtean zehar egiten ez ditugun jardueretan ibiltzen gara. Orokorrean, atseden hartzeko garaia ere bada; eserita edo etzanda orduak eta orduak igarotzen ditugu (autoz zein hegazkinez bidaiatzean, hondartzan edo etxeko sofan…). Gainera, eguneroko kezkak alde batera utzi eta estres maila nabarmen jaisten da opor garaian. Egia esan, ederki egoten gara egunerokotasunera itzultzeko momentua iritsi arte, baina konturatzerako bueltan dira berriro goizeko alarmak, lanera edo ikastetxera presaka mugitu beharra eta norbere aisialdiko ekintzetan hasteko egunak. Hain zuzen, azken hau da gure arloa. Jarduera fisikoko ekintzetan izena ematea ohikoa da garai honetan, norbere buruari urteko helburu proposamen berriak ezarriz. Baina zein da entrenamenduekin hasteko modu egokiena? Itzulera hau gorputzaren oinarriak sendotzeko eta haren gainean eraikiko dugun guztia bermatzeko ezinbesteko abagunea da. Iraileko entrenamenduetan hiru helburu nagusi ezartzen ditugu: artikulazioen mugikortasun graduak ezagutzea eta analitikoki mugiaraztea; gorputz enborreko giharrak (CORE) plano guztietan indartzea eta arnasketa erritmo egokia izaten ikastea; eta azkenik, oinarrizko mugimendu patroi nagusiak barneratzea eta horien indarra exekuzio egokia erabiliz lantzea. Bestetik, abuztuan kolperik jo ez badugu, ez da ideia ona iraileko itzulera honetan maiatzean edo ekainean egiten genituen entrenamenduak egitea; hortaz, entrenamendu prozesuaz kontziente izatea eta aldian aldiko entrenamendu kargak zehaztea beharrezkoa da. Hori egin ezean, min muskularrak (agujetak), gainkarga lesioak eta jarduera fisikoko programarekiko frustrazioak azaldu daitezke. Hau guztia aurrera eramateko, aldez aurretiko programazio bat behar da, gorputzari unean dagozkion estimuluak eskaini eta egokitzapen prozesu zuzena gauzatu dezan. Gure lan sisteman, irailean eginiko lanak denboraldi osoko garapenaren abiapuntu dira, oinarri egokirik gabe ezin baita etxe sendorik eraiki.