07 SEPT. 2025 IRITZIA Memoriaz (II) Sustrai Colina S. apurgarria, Zer moduz hasi zara? Gogoan duzu hasieren aurretik hasten dela dena? Zer da iraila, hasiera bat ez bada? Bai, iraila ekarri zuen joan den astelehenak, urte politikoaren hastapena iragarri zuten orain egun batzuk, eskolan hasi dira semeak, auzoko parkea zapaldu duzu berriz, jaietako suziria bota dute sorterrian eta, ezinbestean, hasiera berri bat dela sinetsi nahi zenuke, zainetan ilusioa eta sabelean tximeletak sentitzeko besterik ez bada ere. Zergatik zaizu hain erakargarria tabula rasa egin eta berriz hutsetik abiatzen zarelako kimera? Zer gertatzen da udan magrebtarrek jasandako jazarpenarekin? Ez da eraso sexistarik izan? Suteak ez al dira politikoak? Kai Nakai, Maren eta Olatz Salvadorrek Bilboko Udalari egotzitakoek ez al dute ikasturtean leku bat merezi? Aski da egunkaria irakurtzea memoria ez dagoela bogan jabetzeko. Hasierarik aipatu gabe, oposizioak ikasteko asmoa duela kontatu dizu J.k, barre gehiago egiteko intentzioa daukala L.k, atzerriko maratoi batean izena emateko plana ixtekotan dela A.k, beretzako denbora gehiago atera nahi lukeela E.k, sakelakoa gehiagotan itzaltzeko plana prest duela I.k, jarri dioten erronka profesional berriari gogotsu heldu diola O.k eta zuk, kontrako norabidean eta buelta hartu ezinik, ez duzu jakin zer erantzun. Zure burua engainatzeko premiarik gabe bizi zaitezkeela sinetsi nahi zenuke baina, aldi berean, ondotxo dakizu akuilua atzetik baino azenarioa aurretik nahiago duen piztia klasea zarela. Ez zenuke frustrazioa zein porrot sentipena eragingo dizkizun espektatibarik sortu gura eta, hala ere, fede handiagoa diezu zugandik irtendako heldulekuei bidean erremediorik gabe agertzen zaizkizunei baino. Lerroari eusteko beharraz mintzo zara aspaldion, maite duzunarekin konektatzeko uneak blindatzeko premiaz, erabakiak hartzeko ausardiaz eta aurrera-ihesarekin ulerbera izateaz. Zer da etengabeko hasiera hau iraun nahi duenarentzat? Bere amuak eta damuak errebisatzeko aukera? Erori dela konturatu denaren ahultzea ala berriz zutitzeko parada duenaren ahalduntzea? Israelek Gaza hiria hilabete barrurako hustu nahi duela aditu duzu irratian, XXI. mendean bakea armak erosita hitzartzen dela ondoriozta dezakezu Alaskako negoziazioetatik eta, halabeharrez, hasieraren eta amaieraren ordenaz galde egin nahi zenuke, etengabeko hasiera honen memoriaz. Lerroari eusteko beharraz mintzo zara aspaldion, maite duzunarekin konektatzeko uneak blindatzeko premiaz, erabakiak hartzeko ausardiaz eta aurrera-ihesarekin ulerbera izateaz. Zer da etengabeko hasiera hau iraun nahi duenarentzat? Bere amuak eta damuak errebisatzeko aukera? Erori dela konturatu denaren ahultzea ala berriz zutitzeko parada duenaren ahalduntzea?