22 NOV. 2026 IRITZIA 39 amets AMAIA URIBE Ezustean iritsi da Instagrameko mezua, baina segituan ezagutu dut izena. Urteak dira klasekide hori ikusten ez nuela. Gurekin ikasi zuen ikastolan baina gerora beste herri batera joan zen bizitzera. Ilusioa egin dit bere mezuak. «Etxean garbiketa egiten ibili naiz eta begira ze aurkitu dudan!». Duela 25 urte inguruko argazkia da, Zuhatzako aterpetxera joan ginenekoa. Kostatu zait batzuk ezagutzea. Dela argazki analogikoen kalitateagatik, dela aldatu diren guztiagatik. Argazki horretan 39 gazte ikusten dira kamerara begira. Nik, ordea, 39 amets ikusten ditut. Hor dago zientzialari izan gura zuen klasekidea, azterketa guztietan hamar ateratzen zuena. Gaur egun, Oxfordeko Unibertsitateko irakaslea da. Bere ilara berean agertzen da abeslari izatea amesten zuena. Mundu zaila da, baina aurten kaleratuko du lehenengo diskoa. Eta zer esan sudadera horia daraman neskatoari buruz? Kazetaritza darama zainetan. Txikitan beti esaten zuen New Yorkeko korrespontsala izan nahi zuela. Bete ezin den amets horietako bat zela iruditzen zitzaion Zuhatzara joan zenean, baina lortu du berak ere. Bost urte eman zituen New Yorken eta kazetaritzaz gozatzen jarraitzen du egunero. Ez ditugu urte asko, baina argazkian agertzen direnetako bat falta zaigu. Berak ere bazituen ametsak, baina bete aurretik joan zitzaigun. Ez dugu ahaztu, ezin dugu ahaztu. Pentsatu nahi dut bere ametsetako batzuk gure amets bihurtu ditugula. Pentsatu nahi dut dagoen lekutik gure ametsak betetzen laguntzen digula. Bitxia da, zenbat emozio eragin dizkidan argazki zahar horrek. Sudadera horidun neskatoa aurrean izango banu, gutxiago kezkatzeko esango nioke, bizitza ederregia delako garrantzirik ez duten gauzez arduratzeko. Topera bizitzeko ere eskatuko nioke, ez dakizulako noiz etorriko den hurrengo kolpea. Baina, batez ere, amesten jarraitzeko eskatuko nioke, ametsek bizirik sentitzen laguntzen digutelako. 25 urte barru, gaur egungo argazkiren bat ikusiko dut eta espero dut ametsak bete izanaren poza sentitzea berriro. Eta zer esan sudadera horia daraman neskatoari buruz? Kazetaritza darama zainetan. Txikitan beti esaten zuen New Yorkeko korrespontsala izan nahi zuela. Bete ezin den amets horietako bat zela iruditzen zitzaion Zuhatzara joan zenean, baina lortu du berak ere