29 NOV. 2015 IRITZIA Inperfektuak amagoia mujika Batzuetan kuxkuxean aritzen naiz sare sozialetan, gutxi eta baldar, ez bainaiz oso iaioa bide horietan ibiltzen. Eta harrituta geratzen naiz zein jende ederra eta jatorra agertzen den hor barna. Izan ere, sare sozialetan ibiltzeko profil bat osatu beharra dago; aukera perfektua, zure beste ni bat eraikitzeko. Izan irribarrez, seriotasun erakargarriz edo ustekabean harrapatu dutenaren keinu perfektuaz, argazki horietan denak dira ederrak eta zoriontsuak. Eta ez da itxura bakarrik. Sare sozialetan sinpatia, umore ona, ateraldi bikainak, originaltasuna... borborka sumatzen dira. Ze ondo, betirako hor bizitzen geratzeko gogoa ematen du. Pijametan sofan eserita, ordenagailu eramangarria izter gainean jarrita. Nik ez dut jende hori ikusten autobusean, supermerkatuko ilaran, medikuarenean, autoan semaforo batean geldirik nagoela... non bizi dira sare sozialetako profiletako jende jator, eder, dibertigarri horiek? Profiletan daude, segur aski, izan nahiko genukeen pertsonak. Sareko komunitatearen aurrean agertzeko janzten dugun maskara sozialak ezkutatzen ditu gustatzen ez zaizkigun aurpegi txarrak, begi-zuloak, letxe txarrak, pazientzia falta, estresa, kontraesanak, beldurrak, lotsak... Sare sozialetako maskara sozial horren azpian daude gure miseria guztiak, egun batzuetan ageriago eta besteetan ezkutuago eramaten ditugunak espaloietan oinez goazenean. Ez dakit hori ona edo txarra ote den. Ikerkuntza sozialerako lursail bikaina iruditzen zait eta seguru adituak fenomeno horri begira jarriak daudela dagoeneko. Baina galdera dezente sortzen dizkit. Hainbeste urte daramatzagu «maita ezazu zure burua den bezalakoa, bere bertute eta akatsekin» mezua entzuten eta, orain, zer? Orain «asma ezazu zure bertuteak exajeratzen dituen, bertute berriak asmatzen dituen eta zure akatsak ezkutatzen dituen ni bat eta segi sare sozialetara zu bezain perfektuak diren lagunak egitera». “Benetako nia” eta “Ni perfektua” dira eta iruditzen zait batak besteari mesederik ez diola egiten. Nola ikasiko dugu gure akatsekin eta gustatzen ez zaizkigun aje horiekin bizitzen gero eta sakonago ezkutatzen baditugu? Nola kudeatuko ditugu horiek bizitza errealean parean paratzen zaizkigunean? Beti parera etortzen diren aipu biribilak, grazia handiko emotikonoak, muxuak eta besarkadak zakuka, laguntasun infinitua eta perfektua. Erdi txantxetan esan ohi dut badirela sare sozialetan nahiago ditudan lagunak; ederragoak, sinpatikoagoak eta toleranteagoak direlako eta normalean aurrez aurre ematen ez dizkidaten muxuz eta besarkadez mimatzen nautelako. Ez da egia, profil perfektuak baino askoz nahiago ditut pertsona inperfektuak. Ez dut jende hori ikusten autobusean, supermerkatuko ilaran, medikuarenean, autoan semaforo batean geldirik nagoela... non bizi dira sare sozialetako profiletako jende jator, eder, dibertigarri horiek?