7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Ez dago agendan


Berdintasuna, andre eta gizonen aukeren artekoa, ez dago agendan. Ez dago. Are gehiago esango nuke: batzuek inolako interesik ez dute egon dadin. Gutxienik, molestiaren bat izango dutelako; ziurrenik, egun bizitza ikusteko edo bizitzan aritzeko duten maneratik zerbait gal dezaketelako; beldur direlako asko; botererik galdu nahi ez dutelako beste pila handi bat. Ez dut zalantza egiten, adibidez, berriki Gasteizen izandako hamazazpi hilabeteko neskatoaren hilketan, bere amak izandako tratu txarrak mundu guztia asaldatu duela. Hori horrela izanik ere, esplikazio gehiegi entzun ditugu, noiz ezagutu ziren, noiztik zuten harremana, zer ziren. Gehiago entzun dugu erasotzaileak eroaldi bat izango zuela, ez dela normala horrelako izugarrikeria. Hamazazpi hilabeteko haurrari lur eman zioten egun berean, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen, hura ere Gasteizen, bikoteari eta seme-alabei luzaroan tratu txarrak emateagatik. Eta bezperan, eta hurrengo egunean, eta Euskal Herriaren mutur batean eta bestean. Eta gertatzen denean haserretzen gara pare bat egunez, eskolak –batez ere eskolak– egin dezakeenari begiratzen diogu, guztiaren panazea gisara. Eta agian joango gara elkarretaratze batera eta akabo! Eta berriz gertatzen denean, beste horrenbeste eta horrela, infinituraino!

Pisu gehiago dauka egunotan Espainiako Gobernuaren presidente nor izango den, ze babes duen, eta nor izango den errudun edo errudunago hauteskundeak berriro deitzen badituzte; edo Donostia 2016 egoki doan; edo Brian Currinek zer esan duen desarmeaz, edo gatazkaren amaieraz, edo presoez. Gai horietako bakar bat ere gutxietsi gabe, ez dirudi gizarte honen ordezkarien eta gutako bakoitzaren gai nagusien zerrenda burutzen duenik muturrera eramanda, hilketa, bortxaketa eta jazarpena ondorio duen desberdintasun egoerari amaiera emateak.

Gizarte patriarkalaren gainean dago eraikita gaur egungo sistema demokratikoa, ontzat ematen dugun sistema, joko-eremu egokitzat onartuta duguna; beraz, berdintasunean sakontzeak, horretara iristeko urratsak emateak, halabeharrez sistema demokratikoa kokatuta dagoen orubea aldatzea, eraldatzea, zalantzan jartzea dakar. Zer erakusten ari da bizitzen ari garen krisi ekonomikoa, pairatzen hasi ginen une beretik? Ba zailtasun handiz izanagatik, gizonezkoak mantendu direla askoz ere neurri handiagoan produkzioan, hau da, lanean, eta nahi izan ez dituzten lanaldi murriztuetara, lan prekarioetara eta zaintza lanetara emakumeak baztertuak izan direla, oro har.

Espazio publikoan zailtasunak eta pribatuan are eta zailtasun handiagoak. Panorama oso txarra da eta ez dirudi erraza izango denik sistema eraikita dagoen zutabe horiek aldatzea. Diskurtso onberatik, politikoki egokia denetik harago urrats eraginkorrak egitea ez dirudi agendan dagoenik, ziurrenik aspaldiko iraultzarik handiena eskatzen duelako. Gure alabengatik, geureen alabengatik, gizarte berri, berdin, demokratikoago batengatik.