21 FéV. 2016 IRITZIA Eguna eta ordua MADDALEN IRIARTE Lehiakortasuna, hitzetik hortzera entzuten dugun hitza da, politikarien ahotan gehienbat –eta dena esateko, batez ere, ideologia liberal, kontserbadore eta, azkenaldian, sozialdemokrata dutenen artean, batez ere–. Ezkerrari gehiago kostatzen zaio konpetitibo izateaz lasai aritzea. Tolosako inauterietan Kantabriko tabernan bermuta hartzen, Nafarroa etorbideko taberna zaharra apustu-leku zenbatetan izan ote den aritu ginen. Dela aizkora apustua, dela korrika zenbat kilometro egingo. Erronka txikiagoak telefonoa patrikatik atera eta Google kontsultatuz konpontzen ditugu orain, baina zenbat afari eskaini ote dizkiogu herri honetan aldamenekoari, kontu jakin bat nola gertatu zen zehazteko orduan, arrazoia nork ote duen. Elkarren arteko lehia gustukoa izan du herri honek. Lehiakor izateko ordea, ezinbestekoa da epeen kontua. Hainbestetan idatzi dut dagoeneko ez garela betiko. Inork pentsatzen al du enpresa bati eskari bat egiten zaionean epe muga jakin bat jarri gabe egiten zaionik? –ACME? Zuen 400 produktu erostekotan gabiltza eta prezioak ikusita, uste dugu akordio batera iritsiko garela. Prest ote zaudete? –Bai, arazorik ez 400 egiteko. 4.000, nahi izanez gero. –Presaka gabiltza, ordea. Noizko izango litzateke? –Noizko? A, hori ez dago esaterik! Ikusi egin beharko dugu, zirkunstantziak, ingurua, eguraldia... –Pip, pip, pip... Euskal politikagintzak horixe eskaintzen du azkenaldian etengabe: asmoak bai, baina eperik gabe. Eta proposatzen den ibilbideak datarik ez badu, asko gustatu behar zait bidea bera baiezkoa esateko. Espainiako politika ere berdintsu dabil, esperpento zeinuak gehituz han. Ba ote dakite egunak 24 ordu dauzkala, eta hauteskundeak egin zituztenetik 1.440 ordu joan zaizkiela? Eternoak direla usteko dute haiek ere. Beharbada Espainiaren eraginez ibiliko gara Euskal Herrian ere, hegoalde honetan behintzat, eternoak garela pentsatuz. Horrelakoetan, mundu anglosaxoira begira jartzen naiz, eta ez aurki Elisabet erreginak 90 urte beteko dituelako eta hark ere eternoa ematen duelako. Beti praktikoak iruditu zaizkidalako, bai Britainia Handia bai Ameriketako Estatu Batuetako politikagintza. Alex Salmondek Eskoziako hauteskundeak irabazi zituen erreferendum bat egingo zuela aginduta, eta data bat ipinita: 2014. Eta 2014an... erreferenduma egin zuten! Cameronek 2017 amaitu aurretik agindu du beste erreferendum bat, Europar Batasunean jarraitu ala ez erabakitzeko, eta itxura guztien arabera, epea amaitu aurretik egingo du. Emandako hitza betetzea esaten zaio horri. Hemen ordea, jakinik euskaldunon hitza gauza handia dela, beste bide bat asmatu dugu: luzamenduarena. Enpresa bati ez genioke inoiz onartuko eperik gabeko erantzun bat. Lehiatzeak, gauza bat ongi eta epe jakin batean egitea esan nahi du. Ez dut ulertzen zeren izenean onartzen diegun jarrera atzerakoi hori politikariei. Apustu egitean, afarirako eguna eta ordua ipintzen da. Euskal politikagintzak horixe eskaintzen du azkenaldian etengabe: asmoak bai, baina eperik gabe. Eta proposatzen den ibilbideak datarik ez badu, asko gustatu behar zait bidea bera baiezkoa esateko.