27 MAR. 2016 IRITZIA Aberri egunak MADDALEN IRIARTE Beste Aberri Egun batek harrapatu nau orrialde hauetan. Igandez argitaratzearen onurak, edo ajeak, eta paperezko tarte hau betetzen dudanetik, Pazko-igandero eguna bera bilakatu zait aipagarri. Gaur ere milaka pertsonentzat kalera atera eta aldarrikapen eta festarako eguna da. Lagun bat badut, sakelako telefonoak gure bizitzaren zati hain garrantzitsu direnetik, urtero eguna hasi orduko, mezu hau botatzen duena: «Gaur Aberri Eguna da. Gora Euskadi Askatuta!». Euskal herritar askorentzat egun handia da, ikurrina balkoian jartzen den bakan horietakoa. Aurten, gainera, 1932. urtean, errepublika garaiko aparretan, EAJko buruzagitzak lehenengoa deitu eta ospatu zuenean bezala, martxoaren 27an tokatu da. Altxamendu faxistak eta frankismoak gogor eraso zien egun honetako ekitaldiei, baina iraun egin zuen aberri nahiak eta eutsi egin zitzaion eguna ospatzeari, etxe barrutan bazen ere. 60ko hamarkadan berriz ekin zitzaion eta Gernikan egin zen lehenengoa, orduan ere EAJk, isilean edo deituta. Milaka pertsona bildu ziren errepresio giro gogorrean, jarraian etorri ziren urteetan bezala. Ez daukat ahazteko, oraindik ere oso ume nintzeneko begietatik, Donostian, Arrasate (orduan Hermanos Iturrino) kaleko bizi ginen etxetik, Espainiako polizia armatua zaldi gainetan korrika bizian jendea joka ikusteak zer nolako eragina izan zuen. Ez nintzateke metro batean ere erratuko non jo zuten manifestari ikusi nuen neska bakarra. Neska hura gupidarik gabe nola jo zuten barneratuta daukat ordutik, beldur gisara. Iritsi gara 2016. urtera ere. Eta hara esku artean ditudan datuak: batetik, EAEko biztanleen %19k bakarrik nahi dutela independentzia eta, are esanguratsuagoa, herritarren bikoitza (%38) dela kontra dagoena, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako Soziometroak dioenaren arabera. Eta bestetik, ondoren ezagutu dugun Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerkuntza taldeak eta Ipar Hegoa fundazioak euskal estatuari buruz egindako ikerketa. Bigarren horren arabera, euskal estatu baten alde leudeke galdetutakoen %40,7, kontra %35,3, eta %24k ez dute erantzunik eman edo abstenitu egingo lirateke. Azterketa honek, beste inoiz ez bezala, “estatua” hautatu du ikerketarako. Independentziaz, autonomiaz, galdetu izan da orain arte, baina orain estatuaz eta, gainera, zazpi lurraldetan galdetu da. Joan den astean egin nuen hausnarketan aipatu nuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoaz gain beste lurraldeetako informazio gaurkotua izatea komenigarria litzatekeela. Zenbat eta gazteagoa izan, zenbat eta ikasketa maila handiagoa izan, zenbat eta euskara gehiago jakin, zenbat eta gertuago egon aukera politiko abertzaleetatik... orduan eta jarrera handiagoa euskal estatuaren alde. Azken xehetasun hauetatik gehienak bat datoz orain arte izandako pertzepzioekin, jasotako datuekin. Baina azpimarra bat egin nahi diot gaztetasunari, aldagai hori baita honi guztiari etorkizunerako bidea ematen diona. Hau guztia baieztatuz gero, badirudi Pazko- igandea tarte batean Aberri Eguna izango dela Euskal Herrian. Zenbat eta gazteagoa izan, zenbat eta ikasketa maila handiagoa izan, zenbat eta euskara gehiago jakin, zenbat eta gertuago egon aukera politiko abertzaleetatik... orduan eta jarrera handiagoa euskal estatuaren alde. Azpimarra bat egin nahi diot gaztetasunari, aldagai hori baita honi etorkizunerako bidea ematen diona.