27 MAR. 2016 IRITZIA Amatasunaz MIREN AMURIZA Egiten duguna egiten dugula emakumeok elkarri buruz txarto esaka amaitzen dugu sarritan, patriarkatuaren lorpen behinenetako bat omen. Orduan ea zelan konpontzen naizen gratuitoki inor kritikatu gabe hitz egiteko, adibidez, amatasunaz; inguruan ditudan aita-ama berrien ohiko kexa baita «jendea errazegi mintzo dela guraso izateaz benetan zer den jakin barik». Bizi dugunaz bakarrik berba egingo bagenu, ordea, isiltasuna kale-katuak bezala ugalduko litzateke eta… gogaitu egingo ginateke. Nik hamazazpi urterekin esaten nuen gazterik izango nintzela ama eta lau ume ekarriko nituela, hiru biologiko eta bat adoptatua –ahal zela beltza eta neskatila–, trentzadun amurizatar beltz bat zenik eta gauzarik transgresoreena iruditzen baitzitzaidan –geroztik otu izan zaizkit horretarako adopzioa baino bide apurtzaileagoak baina, tamalez, ez datoz harira–. Eta hara non, ama gazteen adinean nagoen honetan, ez dudan umerik gura, oraindik, beste inor neure burua baino gehiago maitatzeko gai sentitzen ez naizelako eta, batez ere, inguruko panoramak izoztu egiten nauelako. Ikusten ditut plazan kotxe-karroak elkartuta blokean formatzen direnak, Asterixen filmetako erromatar legioak nola; niniak negarrez hasten diren aldiro, non eta noiznahi, dena bertan behera laga eta bularra eman beharra izaten dutenak edo, beraiek estreinakoz erditu direnez, munduko lehenengo amak direla uste dutenak. Ezagutzen ditut, halaber, bikotekidea eta biengatik «haurdun gaude» esaten dutenak, amatasuna esperientzia mistikoa dela sentitzen dutenak, ekografiak Whatsappeko perfileko argazkian jartzen dituztenak eta horiek guztiak egiten dituzten bitartean, zelan ez, irribarreari eusten diotenak. Ni umetako panpina batekin sentitu nintzen amatasunetik gertuen eta gehienetan xamurtasunez janzten, elikatzen eta kulunkatzen nuen arren, lantzean behin ileetatik tiratzeko eta eskaileretan behera jaurtitzeko grina gainjartzen zitzaidan. Nahiz gutxitan aitortzen duzuen, badakizue zertaz ari naizen… Ama izan berri den lagun bat estu dabil aspaldion; burbuila baten barruan egon ei zen hasieran, baina sei hilabete pasatu eta «non dago nire bizitza?». Eta akordatu nintzen hamaikatxo aldiz entzundako «ama zarenean ulertuko duzu» lapidarioarekin. Ulertuko dut, zer, ama? Eta zer, ama naizenean gauzak konprenitu beharrean zalantzan jartzen hasten banaiz? Animo, neskak, zeuon egonezinak kudeatzea gutxi ez, eta ingurukoenak toreatu behar baitituzue: izeba orojakileak familia bazkarietan, feminista are jakileagoak kuadrillako kafe-tertulietan… Isiltasuna, habitat horietan bereziki, desagertzear dagoen espeziea baita, errinozero beltzak eta panda hartzak bezala. Ikusten ditut plazan kotxe-karroak elkartuta blokean formatzen direnak, Asterixen filmetako erromatar legioak nola; niniak negarrez hasten diren aldiro, non eta noiznahi, dena bertan behera laga eta bularra eman beharra izaten dutenak edo, beraiek estreinakoz erditu direnez, munduko lehenengo amak direla uste dutenak.