08 MAI 2016 IRITZIA Ez nekatuta, ez aspertuta! MADDALEN IRIARTE Asko zabaltzen ari da, Espainiako Gorteetako hauteskundeak errepikatu beharra dagoen honetan, nekearen eta asperduraren mezua. Herritarrak aspertuta gaudela, nekatuta, haserre gaudela entzuten ari gara, Espainian gobernua osatzeko gaitasunik izan ez duten alderdien artetik. Eta Euskal Herrian ere ez da mezu arrotza. Eta zalantza sortzen zait alderdi batzuek ez ote duten nahi herritarrak oso nekatuta, oso aspertuta eta «gauza publikotik», «gauza politikotik», urrun egotea. Cospedal andreak, bere alderdian diruarekin egindako iruzur frogatuak, ustezkoak eta etengabe ateratzen ari zaizkion kasuetatik –gogoratu jardunean dagoen ministro batek ere dimisioa eman duela tarte honetan, ez ahaztu!– burua atera eta, batere gorritu gabe, kanpaina berri honetan aurreztu egin behar dela esan duenean, gehitu du: «Ya nos conocen». Ba ez dirudi! Berriz ere, inkesta guztien arabera, bere alderdia izango baita Espainian hauteskundeak irabaziko dituena. Ez dut nik herritarren erabakiaz aparteko juzgurik egin nahi. Erabaki jakintsua da herritarrena. Baina denok herritarrak garen tamainan, arrain memoria ote dugun galdetzen diot neure buruari sarri edo Espainian ez ote diren konturatu, frogatutako, ustezko, Panamako paperetako eta mota guztietako iruzurrez aparte, azken lau urteotan Gobernuak ez duela lortu langabezia tasa beldurgarria Europako batez bestekora ekartzea; gazteen erdiak lanik gabe daudela; milaka familiatan kide guztiak lanik gabe ez egoteko politikarik ez dutela asmatu; eskola porrota ez dela murriztu… eta zerrendak luze joko lukeela, gainera! PPko kide askok esaten dute argi eta garbi iruzurrarena amortizatua dagoela dagoeneko. Horrela diote, ziurrenik hala delako eta konbentziturik daudelako ez diela aparteko kalterik egingo. Baina lan merkatuaren erreformaren legearena, eta haren emaitzena batez ere, lanik gabe dauden pertsonei begira hori ere amortizatua dagoela pentsatzea izugarria da. Izugarria eta esanguratsua. Euskal Herrian, herritar gehienon botoa jasotzen duten alderdiek plaza hartan ere lehiatu behar dutela erabaki dutenez, ez gaitzatela mareatu, ez gaitzatela garrantzitsuak ez diren gaietan katramilatu eta ez diezagutela esan nola gauden, hau da, aspertuta edo nekatuta edo gogaituta edo dena delakoa. Ni ez nago ez aspertuta ez nekatuta. Ni, egotekotan, nago harrituta, maila oso eskaseko eztabaida politikoa ikusi dudalako Espainian eta inolako gaitasunik eza ezer antolatzeko. Hortik aurrera, berriz ikusi nahi ditut hautagaiak, ez bat ere despistatzeko, baten bat berria bada ere ezagutzeko, elkarrekin joatea erabakitzen dutenak nola antolatu diren ikusteko, asko interesatuko zaizkit binaka doazenak, eta launaka badoaz, doblea. Eta lehen bezala doazenek hilabete hauek pasa ostean zer dioten eta nola dioten adi-adi egongo naiz. Herri honek jokatu behar duen edozein plazatan esaten dena interesatzen zait eta ez nau harrapatuko isilarazi eta etxean utzi nahi nauen mezu horrek. Begirik kendu gabe jarraituko dut minutu bakoitza eta ez diezadala inork esan nola nagoen. Ni ez nago ez aspertuta ez nekatuta. Ni, egotekotan, nago harrituta, maila oso eskaseko eztabaida politikoa ikusi dudalako Espainian eta inolako gaitasunik eza ezer antolatzeko.