19 JUIN 2016 IRITZIA Argudioak moldatzen MADDALEN IRIARTE Espainiako irrati bat entzuten ari naiz Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainaren erdian. Eta eztabaidaren maila arropa zintzilikatzeko erabiltzen diren tolestu eta zabaltzen diren tramankuluen erabilpenean kokatuta dago. Espainiako jarduneko presidenteordea, Presidentetzako ministroa eta bozeramailea, Saenz de Santamaria andrea, da tramankuluaren erabilpenaz Podemos-i lezioak ematen ari dena. Horiek ezin omen dute Espainia gidatu, kanpainarako erabili duten katalogo entzutetsuko argazkian ez dutelako erabat zabaldu arropa zintzilikatzekoa; beraz, ondorioztatu daiteke... auskalo! Ez dakitela nola funtzionatzen duen, ez dutela arropa inoiz zintzilikatu... tira, ezin dituztela hauteskundeak irabazi Espainia arrisku gorrian egongo litzateke eta. Ondoren, tertulia «sakon» batean, beste behin Podemos agintera iristearen arrisku ikaragarriez ari dira, esate hutsak Espainiaren kalitate demokratikoa beste behin ere zalantzan jartzen duelarik. Europarena bezala. Gogoratu baino ez dago Grezian Syrizak irabazteaz esaten zena eta, batez ere, diskurtsoa nola joan zen aldatzen hauteskunde bezperan aukera hori gero eta argiago ikusitakoan. Besterik da ondoren Syrizak egindakoa eta Europak zer tarte utzi dion aldarrikatutakoa egiteko. Nolanahi ere, hasi beharko da pentsatzen buruan marraztuta duguna edo marraztu digutena baino tarte handiagoa dagoela. Ondo erreparatuz gero, Europa zer den eta nola den esaten dutenek gaur argudio bat erabiltzen dute eta bihar, inolako gorriturik hartu gabe, justu kontrakoa; beraz, hor aurkitu behar da zirrikitua. Brexitarekin gertatzen ari da neurri batean. Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko erreferendumaren kanpaina hasi aurretik eta lehenengo egunetan ezin zen pentsatu ere halakorik gertatzerik Europak hondamendiaren marra ukitzeko arriskurik gabe. Ekainaren 23a gerturatzen ari den heinean, eta ateratzearen aldekoak gehiago direla dioten inkestak gehitzen ari direnean eta ateratzearen alde daudenen aldea hazten ari denean, batean eta bestean harrapatzen ari naiz ondorioak agian ez liratekeela hain ikaragarriak izango dioten iritziak. Norbaiti irakurri diot, orain arte kontrakoa esan arren, igual Erresuma Batua Europatik ateratzea hobea izan daitekeela. Gaur hondamendia dena bihar abantaila da, gaur balio duenak bihar ez du balio. Dena den, oraindik ere dotrina nagusia da Europatik irteteak kalte ikaragarriak sortuko dituela. Horregatik, bere garaian idatzi nuen bezala, Eskoziak aukera paregabea du, Erresuma Batuak Europatik ateratzea erabakitzen badu, esateko berak ez duela utzi nahi Europa inondik inora eta horregatik berriz ere galdeketa egin nahi duela independentziaren gainean. Ea zer argudio entzuten diren hori horrela gertatzen bada. Datozen hilabeteak inportanteak izan daitezke Eskoziarentzat. Kataluniak ere, oraingoz, 2017ko muga ipinita dauka. Berriro ere haize bolada indartsu bat sor daiteke Europan. Eta azkenean sortzen bada, errezeloa daukat Euskal Herrian, 2014an bezala, lanak egin gabe ez ote gaituen harrapatuko. Hasi beharko da pentsatzen buruan marraztuta duguna edo marraztu digutena baino tarte handiagoa dagoela. Ondo erreparatuz gero, Europa zer den eta nola den esaten dutenek gaur argudio bat erabiltzen dute eta bihar, inolako gorriturik hartu gabe, justu kontrakoa; beraz, hor aurkitu behar da zirrikitua.